Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoak Bilbon eta Hernanin egingo dira, datozen bi ostiraletan

Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoak Bilbon eta Hernanin egingo dira, datozen b
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: jueves, 28 marzo 2019 13:38

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoak egingo dira Bilbon eta Hernanin (Gipuzkoa) datozen bi ostiraletan, martxoaren 29an eta apirilaren 5ean, hurrenez hurren, "Hezkuntzan elkarERAGITEN" lelopean. Eskola arrakastaren kudeaketa izango da hizpide nagusia jardunaldiotan, eta, besteak beste, Pedagogia 3.0 arloan aditua den Stéphane Côté irakasle quebectarrak eta David Durán eta Carles Parellada katalanek parte hartuko dute.

Ikastolen Elkarteak adierazi duenez, bi galderari erantzuna aurkitzen saiatuko dira topaketetan: "Zertan zehazten da gure eragina, gure ekarpena?" eta "Zer lotura du gure ekarpenak ikasle bakoitzaren eta guztien ikas-arrakastarekin?". Testuinguru horretan, datozen bi ostiraletan zehar, gelaren kudeaketa arrakastatsuaren eta norberaren eta bestearen arrakastaren garapenaren arteko loturak izango dira hizpide.

Hain zuzen, ostiral honetan, martxoaren 29an, Bilboko Bizkia Aretoan izango da jardunaldia, 09:30ean hasita, eta Stéphane Côté adituak "Gelaren kudeaketa auto-sortzailea pedagogia 3.0-n" eta "Gelaren arrakastaren kudeaketa: dinamika praktikoak" hitzaldiak eskainiko ditu, besteak beste. Gainera, ikastoletako ordezkariek "Gelaren kudeaketaren, praktikaren eta begiraden eraberritzea" izango dute hizpide.

Halaber, datorren ostiralean, apirilaren 5ean, Hernaniko Orona Ideon egingo da topaketa 9:30ean. Besteak beste, David Durán-ek "Berdinen artean ikas-irakasten" hitzaldia emango du, eta Carles Parelladak "Errespetutik eta elkarrekiko begirunetik haurra-ikastola-familia arteko harremanak" izenburukoa.