BILBO 19 (EUROPA PRESS)
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Iñaki Arregi ikerketa bekaren laugarren deialdia jarri du martxan eta laguntza jaso nahi duten egitasmoek azaroaren 20ra arteko epea izango dute laginak aurkezteko. Bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin, udalerri euskaldunen ikerketa, garapena eta egoera soziolinguistikoaren ezagutza jendarteratu nahian.
Zehazki, UEMAk jakinarazi duenez, udalerri euskaldunetako herritarren bizipenak, hautemateak, ideologiak eta portaerak aztertuko dituzten ikerlanak, eta udalerri euskaldunen eta arnasguneen inguruko pentsamenduan ekarpena egingo duten lanak sustatuko dira bereziki.
Deialdia hurrengo egunotan argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta horren ondotik egitasmoak aurkezteko epea azaroaren 20an amaituko da. Epaimahaiak abenduaren 10ean jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, bekadunek hamar hilabeteko epea izango dute ikerlanak garatzeko eta amaituta aurkezteko. Amaitzean, gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.
Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute. UEMAk udalerri euskaldunen eta arnasguneei buruz datorren urtean antolatuko duen jardunaldian ezagutarazi ahal izango dira lan saridunen edukiak.
Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) UEMAren koordinatzailea izan zen, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren arima izan zen, sorreratik. UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.