Itzuliaren lehen etapak zirkulazio aldaketa ugari eragingo ditu datorren astelehenean Bilbon

Archivo - Pello Bilbao 2024ko Itzulian
Laurent Lairys / DPPI / AFP7 / Europa Press
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 30 marzo 2026 16:56

BILBO 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Txirrindularitza Itzuliaren lehen etapa jokatuko da Bilbon datorren astelehenean, apirilaren 6an, eta zirkulazio aldaketa ugari eragingo ditu. Hain zuzen, Bizkaiko hiriburuan hasi eta bukatuko den 13,9 kilometroko banakako erlojupekoa lehiatuko da.

Bada, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, lasterketak trafikoa moztea ekarriko du, batez ere 12:00etatik 19:00etara. Ia barruti guztiei eragingo die neurriak, bereziki Artxanda, Deustu, Uribarri, Begoña eta Zazpikaleei (Udaletxea eta Areatza). Etaparen zirkuituko kaleetako garajeak eta aparkalekuak sarbiderik eta irteerarik gabe geratuko dira, eta ondoko kaleetan daudenak seinalisten laguntzaz arautuko dira.

Bizikleta bidezko mugikortasunari (bidegorriak), oinezkoei eta garraio publikoari ere eragingo die Itzuliaren etapak. Bilbobusek eta Bizkaibusek aldaketak izango dituzte ohiko ibilbideetan eta geralekuetan, eta markesinetan, informazio paneletan, app-etan, sare sozial ofizialetan eta 010 telefono zenbakian emango da haiei buruzko informazio zehatza.

Horregatik guztiagatik, Bilboko Udalaren izenean, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak gomendatu du ahal den neurrian egun horretan ibilgailu pribaturik ez erabiltzea. "Gure hirira hurbildu behar baduzu, erabili garraio publikoa, ahal dela trena, metroa edo tranbia", esan du.

2026ko Itzuliaren 1. etapa banakako erlojupekoa izango da, Begoñako basilikako aparkalekuan hasi (12:30etik 16:00etara, gutxi gorabehera) eta Etxebarria parkean bukatzeko. Hori dela eta, lehenengo mozketak Etxebarria parkearen inguruan hasiko dira (Zumalacarregui etorbidea, Begoñako Basilikaren ingurua), Guridi Musikariaren Plazan, 08:00etatik aurrera, gutxi gorabehera.

Etapak hurrengo ibilbide hau izango du Bizkaiko hiriburuan zehar: Juan XXIII plaza, Zabalbide, Ibarsusi-Egirleta errepidea, Egirleta errepidea, Artxanda (udalaren eskumenekoak ez diren beste bide batzuk), Enekuri errepidea, Egirleta (udalaren eskumenekoak ez diren beste bide batzuk), Enekuri etorbidea, Ibarrekolanda, Enekuri etorbidea, Agirre Lehendakaria etorbidea, Francisc Macia, Botikazar erribera, Unibertsitate etorbidea, Campo Volantin, Erkoreka plaza, Quintana eta Etxebarria parkea.

Lasterketan zehar, itxita geratuko dira kale guztietako bidegurutzeak zeharkako bideekin, eta, beraz, ezingo da bide horietara sartu. Gainera, larunbate 08:00etatik asteleheneko 19:00ak arte, gutxi gorabehera, Begoñako basilikaren ondoan dagoen aparkalekua okupatuko da (hesiak ipiniko dira aldez aurretik).

Eragin horien guztien berri emateko informazio liburuxkak banatu dira postontzietan, atarietan eta garajeetan, eremu bakoitzeko zirkulazio murrizketei buruzko planoekin eta informazio xehearekin.

Contador

Contenido patrocinado