Ixiar Rozasek irabazi du 2026ko Euskadi Literatura Saria Euskarazko Literatura kategorian, 'Narrugorrik' lanagatik

Ixiar Rozas
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 octubre 2026 12:50

DONOSTIA 14 (EUROPA PRESS)

Ixiar Rozas idazle lasartearrak eskuratu du 2026. urteko Euskadi Literatura Saria Euskaraz Literatura kategorian, Consonni argitaletxeak plazaratutako 'Narrugorrik' lanagatik. Era berean, Yolanda Arrietak irabazi du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria, 'Zurtz' lanari esker, eta Kike Ibañez Fernandezek Literatura Lanaren Ilustrazioaren modalitatekoa, 'El diablo sobre ruedas' lanagatik.

Hala jakinarazi du asteazken honetan Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Berarekin batera izan dira Ana Lopez Kultura Sustatzeko zuzendaria eta saritutako hiru egileak.

Iturberen hitzetan, "hiru obra hauek sormenaren eta literaturara hurbiltzeko moduen aniztasuna erakusten digute. Euskadi Literatura Sarien bidez, gure idazleen talentua aitortu, haien lanak ezagutarazi eta gizartera hurbildu nahi ditugu, irakurle kritikoak sustatuz eta irakurketaren bidez ikuspegi berriak ezagutzeko aukera eskainiz".

Bada, Euskarazko Literatura Saria Ixiar Rozasi eman zaio, Consonni argitaletxeak kaleratutako 'Narrugorrik' lanagatik. Egileak egiten duen literatur esplorazio lana nabarmendu du epaimahaiak, hizkuntzaren bidez adierazteko modu berriak bilatuz eta literatur generoen artean mugituz. Epaimahaiaren arabera, "lanak hitzen biluztasuna eta hortik sortzen den indar poetikoa ditu ardatz, gorputzaren eta naturaren arteko zentzumen esperientziak proposatzen dituzten hizkuntza jokoen bidez".

Halaber, epaimahaiak hizkuntzaren soinu eta forma esperimentazioa azpimarratu du, baita egileak proposamen berritzaile bat garatzeko duen gaitasuna ere: "Aldi berean, euskal tradizioan sustraitzen da eta ahozkotasunaren eta idazketaren arteko mugan barrena dabil".

Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Informazio Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Narratiba, poesia, arte eszenikoetarako testuak eta testu kritikoak idatzi ditu, hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu direnak. Gaur egun, arte hezkuntzako irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, eta Arabako Lasierran dagoen AZALA sorkuntza espazioko kidea ere bada.

YOLANDA ARRIETA

Bestalde, Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak eskuratu du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria, Denonartean argitaletxeak plazaratutako 'Zurtz' lanagatik. Obrak umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala eta iradokitzailea, bere adiera literaletik harago doana, eta pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez eraikitako kontakizun egitura aberats eta poliedrikoa nabarmendu ditu epaimahaiak.

Epaimahaiaren arabera, eleberriak "sentiberatasunez" jorratzen ditu hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak. Bakardadea, galera eta beste pertsona batzuengan aurki daitezkeen loturak ere lantzen ditu, "sentimentalismoan erori gabe". Gainera, hizkuntzaren zaintza, kontakizunaren erritmoa eta zenbait esaldiren indarra azpimarratu ditu.

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Etxebarri, Bizkaia, 1963) irakaslea, antropologoa eta idazlea da, eta haur eta gazte literaturan nahiz helduentzako literaturan ibilbide oparoa garatu du. Idazketa sortzaileko tailerrak gidatzen ditu, eta irakurzaletasuna sustatzeko ekimen ugari garatzen ditu familientzat eta hezitzaileentzat.

KIKE IBAÑEZ

Azkenik, Kike Ibañez Fernandez saritu dute Literatura Lanaren Ilustrazioaren modalitatean, Abuenpaso argitaletxeak kaleratutako 'El diablo sobre ruedas' lanagatik. Epaimahaiaren ustez, lanak "aparteko kalitate artistiko eta narratiboa" erakusten du, eta ilustrazioak ez direla testua laguntzera mugatzen azpimarratu, haren mezua aberasten eta irakurlearen esperientzia emozionala indartzen baitute.

Proposamenak "estilo fresko, ausart eta berritzailea" uztartzen duela txalotu du, eta, "irudimenaren bidez, itxaronaldiak kudeatzera gonbidatzen duten ilustrazio adierazkorrak" eskaintzen dituela. Egoera dramatiko batetik abiatuta, liburuak gatazkari beste begirada bat proposatzen dio, eta haserretik eta mendeku nahitik jorratzen du kontakizuna.

Halaber, kaosaren eta ordenaren arteko oreka grafikoa, kolorearen erabilera adierazkorra, unibertso bisual propio baten sorkuntza eta etengabeko mugimendu sentsazioa transmititzen duten enkoadraketak nabarmendu ditu epaimahaiak.

Kike Ibañez Fernandez (Donostia, 1980) ilustratzailea, artista bisuala eta idazlea da. Diseinu grafikoan eta ilustrazioan trebatu ondoren, haur eta gazte literaturaren esparruan garatu du bere ibilbide profesionala. Bere lanetan marrazkia, umorea, irudimena eta begirada kritikoa uztartzen ditu. 2016an Lazarillo Saria jaso zuen 'Barrios de Colores' lanagatik, eta 2020an 'Ciclismo Épico' lana Boloniako Haur eta Gazte Liburu Azokan hautatu zuten.

EUSKADI LITERATURA SARIAK

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero ematen ditu Euskadi Literatura Sariak, literatura-sorkuntzaren bikaintasuna eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko diru saria jasotzen du eta, horrez gain, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria ere jaso dezake. Sari hauen bidez, literatur sorkuntza, talentu artistikoa eta obren nahiz haien egileen zabalkundea sustatu nahi ditu Jaurlaritzak.

Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalitateetako irabazleen izenak urriaren 21ean ezagutarazio dira, 11:00etan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean egingo den agerraldian. 2026ko Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 20an egingo da, 18:00etan, Bilboko Euskal Museoan.

Contador

Contenido patrocinado