GASTEIZ 30 Jul. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 150.000 euroko diru laguntza bat onartu du astearte honetan Arabako Ikusentzunezko S.L.U. erakundearentzat, Tximist proiektuaren bitartez euskarazko edukiak sare sozialetetara (Youtube, Instagram, Tiktok) eta plataformetara (Spotify) hurbiltzeko.
Helburua 18 eta 25 urte bitarteko gazteen artean euskaraz kontsumitzeko ohiturak sustatzea da, eremu digitala eta aisialdia euskalduntzea baitira datozen urteetako erronkak, besteak beste, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Tximist egitasmoaren bidez, ikus-entzunezko berriak sortuko dira audientzia gazteari zuzenduta. Horrela, gaurkotasun eta kultur aisialdirako edukiak gazte euskaldunentzat egokituko dira Instagram eta Tiktok baliatuz.
Gainera, gazte euskaldunen bilatu eta sareen kanaletara hurbildu nahi dira, gertuko harremana eta iritzia emateko espazioa eskainiz. Ahotsa eta foroa ere eskainiko zaie gazteei, podcast eta bideopocastetan murgilduz.
Era berean, lan horiek egiten laguntzeko, harrobia sortuko da Gasteizen, eta ikus-entzunezko edota teknikari ikasketak euskaraz burutu dituzten gazte gasteiztarrentzako hedabide batean lanean aritzeko aukerak landuko dira.