GASTEIZ 3 Sep. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 200.000 euroko aurrekontu sail bat onartu du astearte honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) lurralde eremuan euskal kultur ondare immateriala balioesten eta zabaltzen lagunduko duten proiektuak garatzen laguntzeko. Proiektuotan berez dagokion ondare materiala ere sartuko da.
Jaurlaritzaren arabera, XXI. mendeak "erronka berriak" ekarri dizkio kostalde, bailara eta mendietan urteetan zehar jasotako ondare kultural immaterialari. Alde batetik, gizartearen digitalizazioa ohiturak, erabilerak eta horien pertzepzioa "errotik" aldatzen ari da.
Beste alde batetik, globalizazioak paradigma aldaketak ekarri ditu bizitzarako eta sozializaziorako, interesgune eta lan jarduera berriak sortu ditu, eta, gainera, inoiz ezagutu ez diren migrazio prozesuak eragin ditu.
Ondorioz, arbasoengandik jasotako ohiturak, jakintzak eta bizimoduak azkar ahaztu eta gal daitezke, eta horregatik emango ditu Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru laguntza hauek euskal kultur ondare immateriala babesteko.
Euskal kultur ondarea osatzen duen ondasun immateriala gutxienez hurrengo kategoria hauetan sailkatu ahal da: kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak -hizkuntza barne, kultur ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik-, eta toponimia; bertsolaritza; musika; dantza; emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak; usadio sozialak; gastronomia; kirola; jai ekitaldiak; naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak, eta eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.
Hala, deialdi honen bidez diruz lagunduko diren jardueren artean daude EAEko kultur adierazpen immaterialen ikerketa, dokumentazio, erregistro eta inbentario proiektuak, baldin eta Ondare Zuzendaritzak lehenago egin ez baditu, eta interesa duten edozein kultur ondasun ez-materialen egoeraren analisia eta diagnostikoa egitea, ondasun horiek jarraitu eta sustatzen lagunduko duten jarduera proposamenak eta lehentasunak barne.
Era berean, diruz lagundu ahalko dira kultur ondasun immaterialak kudeatzeko eta zaintzeko planak egiteko aurretiko azterlanak, eta euskal kultur ondare immaterialaren edozein adierazpenen transmisioa sustatzen laguntzen duten proiektuak, haren jarraipena errazten badute.
Halaber, ondare immaterialaren ezagutza zabaltzen eta hobetzen laguntzen duen edozein jarduerak (biltzarrak, erakusketak, topaketak, argitalpenak, tailerrak eta abar), baita hezkuntzaren esparruan ere, eta ondare immateriala eta haren komunitate eramaileak zaintzen eta babesten laguntzen duten beste jarduera batzuek ere jaso ditzakete laguntrzak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta proiektu bakoitza %100ean finantzatu ahal izango da, beti ere gehienez 30.000 euroko aurrekontua gainditu gabe.
Kultura eta Hizkuntza Politika sailak hirugarrenez egin du euskal kultur ondare immaterialaren balioa nabarmentzeko proiektuak bultzatzeko diru laguntzen deialdia. Iaz zazpi proiektu lagundu ziren diruz, besteak beste, Labrit Multimediak, Labayru Fundazioak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Dantzarien Biltzarrak, Ondare Babesa S.L.-k eta Segura eta Zaldibiako udalek aurkeztutakoak.