BILBO 19 (EUROPA PRESS)
Kutxabank banku erakundeak partaidetza osoa duen bi sozietateren jabetzako 57 etxebizitzaren salerosketa eskritura formalizatu du ostegun honetan Eusko Jaurlaritzak, etxebizitzok Alokabidek kudeatutako ondare publikoan sartzeko, Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez.
Operazioaren zenbatekoa 5,7 milioi eurokoa da, hau da, 100.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko, eta etxe libre horiek bizitegi parke publiko bihurtzea ahalbidetuko du, baita alokairu sozialerako modu iraunkorrean erabiliko direla bermatzea ere, hirugarrenekin adostutako akordio edo hitzarmenen indarraldiak baldintzatuta egon gabe.
Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu eta Alokabideko presidenteak, Ibon Imatz Kutxabankeko Higiezinen Negozioko zuzendariak eta Iñaki Munduarte bankuko Higiezinen Negozioko arduradun komertzialak sinatu dute salerosketa. Harri Iparra S.A.U. enpresaren jabetzako 20 etxebizitza eta Harri Inmuebles S.A.U. enpresaren jabetzako beste 37 etxebizitza eta, hala dagokionean, horiei atxikitako eranskinak erostea barne hartzen du akordioak.
Etxebizitza libreak dira eta hiru lurralde historikoetako udalerrietan banatuta daude: Araban, Urkabustaiz, Araia, Gasteiz, Oion, Bastida eta Artziniegan; Gipuzkoan, Eibar, Elgoibar, Irun, Beasain, Ordizia, Donostia, Errenteria, Arrasate, Azkoitia, Lazkao, Elgeta eta Urretxun; Bizkaian, Bilbo, Barakaldo, Basauri, Galdakao, Ermua eta Karrantzan.
57 higiezin hauek eskuratuta, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko 733 etxebizitza erosi dizkie hainbat entitateri legegintzaldi honetan: 510 Testari Benta Berrin (Donostia), 148 La Caixari Arrasaten eta 18 Jauregizarri Errenterian.
Operaziorako adostutako prezio osoa 5.700.000 eurokoa da (zergak kanpo): 1.605.221 euro Harri Iparra S.A.U. enpresaren 20 etxebizitzei dagozkie, eta gainerako 4.094.779 euroak, berriz, Harri Inmuebles S.A.U. enpresaren 37 etxebizitzei. Batez besteko erosketa zenbatekoa, beraz, 100.000 euro ingurukoa da etxebizitza bakoitzeko, baina balioak indibidualizatuta daude eta aldatu egiten dira higiezin bakoitzaren eta atxikitako eranskinen ezaugarrien arabera.
BIZITEGI PARKE PUBLIKOA
Jaurlaritzaren arabera, 57 etxebizitzak ondare publikoan sartzea "beste urrats bat" da titulartasun publikoko bizitegi parke babestu bat finkatzeko, haien eskuragarritasuna ez baitago entitate pribatuekiko aldi baterako hitzarmen edo akordioen iraupenaren mende.
Horrela, Alokabidek zuzenean kudeatu ahal izango ditu etxebizitzak, eta modu iraunkorrean alokairu sozialera bideratuko direla bermatu. Horri esker, administrazioak herritarren bizitegi premiei erantzuteko duen esku hartzeko ahalmen indartuko da.
Operazio honekin, Jaurlaritzak etxebizitza parke publikoa handitzeko eta sendotzeko estrategian aurrera egiten jarraitzen du, ez soilik higiezin gehiago sartuta, baita bizitegi baliabide hauek EAEko alokairu sozialeko politika publikoen zerbitzura modu egonkor eta iraunkorrean egongo direla ziurtatuta ere.