Jaurlaritzak lasaitasun mezua helarazi du Gipuzkoako ustiategi batean shamonda birusa detektatu ostean

Behiak
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 26 octubre 2026 12:16

BILBO 26 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak lasaitasun mezua helarazi du Algeteko Albaitaritza Laborategi Zentralak Gipuzkoako esnetarako behi aziendaren ustiategi batean shamonda birusa dagoela baieztatu ondoren. Animalien egoera klinikoa egonkortuta dago, eta ustiategia albaitaritza zerbitzuen jarraipenpean.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, shamonda birusak behi aziendari eragiten dio nagusiki, eta culicoides generoko intsektu txikien bidez transmititzen da. Animalia helduetan, normalean, koadro kliniko arina eta iragankorra eragiten du, besteak beste, sukarra, beherakoa eta esne ekoizpenaren aldi baterako jaitsiera. Hala ere, ernari dauden emeei arreta berezia jartzea gomendatzen da, ugalketan izan ditzakeen ondorioengatik.

2026ko udaz geroztik, gaixotasuna Europako 13 herrialdetan detektatu da. Espainian, Algeteko Albaitaritza Laborategi Zentralak kasuak baieztatu ditu Kordoba, Kantabria, Toledo, Avila, Madril eta Gironako behi ustiategietan. Detekzioak zaintza pasiboaren bidez egin dira, eta albaitaritza agintariek bilakaeraren jarraipena egiten jarraitzen dute.

Frantzian immunodepresio larria zuen pertsona batean birusa duela gutxi identifikatu izana salbuespenezko aurkikuntzatzat jo da. Frantziako agintariek infekzioaren eta pazientearen koadro klinikoaren arteko balizko lotura ikertzen jarraitzen dute, oraindik ezin izan baita behin betiko kausa-erlaziorik ezarri. Kasuaren berri eman zaie Osasunaren Mundu Erakundeari eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroari.

"Shamonda birusa ez dago Europar Batasuneko gaixotasunen zerrendan, eta hura detektatzeak, oro har, ez dakar berekin animaliak hilzea edo mugitzeko murrizketa orokorrak ezartzea. Erantzuna zaintzan, kaltetutako animalien albaitaritza arretan, biosegurtasunean eta birusa transmititzen duten intsektuen kontrolean oinarritzen da", nabarmendu du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

GOMENDIOAK

Euskadin, albaitaritzako langileei informazioa eman zaie detekzio goiztiarra indartzeko, eta Animalien Osasuneko laborategiek diagnostiko teknikak prestatu dituzte. Gaixotasun honen aurrean, ustiategiei gomendatu zaie animaliak egunero gainbegiratzea eta edozein susmoren berri albaitaritzako langileei ematea, eta instalazioen, ibilgailuen eta garraiobideen garbiketa, desinfekzioa eta intsektuen aurkako tratamendua indartzea.

Era berean, culicoides intsektuak kontrolatzeko neurriak aplikatzea, bereziki bektoreen jarduera handieneko aldietan, intsektu horien ugalketa erraztu dezaketen ura edo materia organikoa duten eremuak murriztea, eta sintoma bateragarriak dituzten animaliak bakartzea eta artatzea gomendatu zaie.

"Abeltzaintzako ustiategiak, albaitariak eta albaitaritza zerbitzu ofizialak profesionalak dira etengabe, eta haien laguntza funtsezkoa izan da beti egoera horien aurrean, garaiz detektatzeko eta irizpide teknikoetan oinarritutako erantzun proportzionatua emateko. Kasu honetan, aplikatu beharreko neurriek egoera kudeatzeko aukera ematen dute, abeltzaintza sektorearen ohiko funtzionamendua nabarmen aldatu gabe", esan du Barredok.

Contador

Contenido patrocinado