'Jazz Guggenheim Gauak' zikloarekin ospatuko du Aste Nagusia Guggenheim Bilbao Museoak

'Jazz Guggenheim Gauak' Zikloa
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 20 julio 2022 12:23

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Guggenheim Bilbao Museoak 'Jazz Guggenheim Gauak' programa antolatuko du berriro Bilboko Aste Nagusia zehar, abuztuaren 23tik 26ra. Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren itzuliko da zikloa museoaren atriora, jazz garaikideko artisten emanaldiak eskainiz. Gainera, bertaratutakoek aukera izango dute 'Motion. Autos, Art, Architecture' erakusketa gauez bisitatzeko, 23:15etik 02:00etara.

Bilboko museoko iturriek jakinarazi dutenez, 'Jazz Guggenheim Gauak' abuztuaren 23an hasiko da, nazioarteko jazzean den pianista eta konpositore originalenetako batekin: Eri Yamamoto japoniarra. 1995etik New Yorken bizi da, eta soinu eta errepertorio bereziak garatu ditu Juan Luis Castaño bateria jotzailearekin eta Masa Kamaguchi kontrabaxu jotzailearekin.

2000. urtetik New Yorkeko Greenwich Villageko jazz klub historiko batean jo ohi du hirukoteak, eta jazzaldi famatuenetan aritzen da AEBetan, Kanadan, Australian, Europan eta Japonian. Gainera, Eri Yamamotok izen handiko musikariekin kolaboratu du, hala nola William Parker, Daniel Carter, Federico Ughi eta Hamid Drakerekin.

Abuztuaren 24an, Perez, Arnedo y Los Fumero laukote espainiar-argentinarraren txanda izango da. Dani Perez gitarristak, Horacio Fumero kontrabaxu jotzaileak, Guillem Arnedo bateria jotzaileak eta Lucia Fumero pianista eta abeslari gazteak osatzen dute taldea. Errepertorio zabala eta eklektikoa du, Argentina, Brasil eta Ipar Amerikako tradizioetako abestiak biltzen dituena.

MIKEL LABOAREN MUSIKA

Jarraian, abuztuaren 25ean, Iñaki Salvador Trio taldeak 'Lilurarik Ez - Mikel Laboaren musika' aurkeztuko du, euskal kantautorea oroitzeko eta omentzeko kontzertua. Izan ere, Iñaki Salvadorrek 25 urtez kolaboratu baitzuen Laboarekin, 1983tik 2008an zendu zen arte.

Salvadorrek hainbat kontzertu eta grabaziotan parte hartu du bertoko eta nazioarteko jazz musikari handienekin, besteak beste, Perico Sambeat, Pedro Iturralde, Javier Colina, Allan Skidmore, Jean Toussaint eta Jesse Davisekin.

Omenaldi kontzertuan, Mikel Laboaren abesti ezagunetan oinarrituta egin dituen moldaketak interpretatuko ditu Iñaki Salvadorrek, Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu jotzailea eta Hasier Oleaga bateria jotzailea lagun dituela.

Azkenik, 'Jazz Guggenheim Gauak' zikloa abuztuaren 26an bukatuko da, eta Peter Protschka tronpetista aleman ospetsuak 'Kindred Spirits' disko berria aurkeztuko du atrioan. Clemens Orth (pianoa), Stefan Rey (kontrabaxua) eta Dominik Raab (bateria) izango ditu lagun.

Protschkak eragin klasikoak eta jazz estatubatuarrarenak ditu, baina bere konposizioek ukitu pertsonala eta europarra ere dute. Tronpetista polifazetikoak eskari ugari jasotzen ditu musika klasikoa interpretatzeko, hala antzinakoa nola gaur egungoagoa, eta talde mitikoak eta konpositore gailenak ditu inspirazio iturri nagusi, esaterako Kenny Barron, Jow Henderson, Tom Harrel eta Wynton Marsalis.

Sarreren prezioa: 25 € publiko orokorra / 15 € Museoaren Lagunak, Kide Korporatiboak eta Museoan egunean bertan izandako bisitariak.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado