Lesakan egingo da Bertso Eguna, urtarrilaren 25ean, eta sarrerak abenduaren 16an jarriko dira salgai

Bertso saioa
BERTSOZALE
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 1 diciembre 2024 10:46

BILBO 1 Dic. (EUROPA PRESS) -

Lesakan (Nafarroa) izango da Bertso Eguna, 2025eko urtarrilaren 25ean. Sarrerak abenduaren 16an jarriko dira salgai, eta orduan emango dira ekitaldiaren inguruko xehetasun gehiago, Bertsozale Elkartetik asteazken honetan jakinarazi dutenez.

Azken urteotan egin den moduan, lurraldez aldatuko da aurten ere Bertso Eguna, eta Lesakan batuko dira bertsozaleak. Urtarrilaren 25ean izango da bertsoaren festa handia, eta "egun osoko plana" ari dira antolatzen, Laboral Kutxa, Lesakako Udala eta Bortzirietako bertso eskola lagun direla.

Goizetik hasita egun guztiko egitaraua izango dela iragarri dute, "bertsolarien ibilbidetik hasi eta sagardotegian afaltzeraino". Sarrerak abenduaren 16an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus atarian, eta orduan emango dituzte xehetasun gehiago.

Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da gaur egun Bertso Eguna, baina ez da beti horrela izan. Bere horretan 1995etik antolatzen bada ere, hiru hamarkada lehenagotik ere ospatzen zen tankerako jaia: 1968an hasi zen antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria, Bertsolari Eguna, hain zuzen.

Bere izenarekin bat, hasiera hartan garaiko hainbat bertsolari omentzeko eguna izaten zen, eta Donostian antolatzen zen. 1987an sortu zen Bertsozale Elkartea, eta bere gain hartu zuen egunaren antolakuntza, Donostiako Udalarekin elkarlanean betiere. Horrela izan zen, harik eta 1995ean izena eta formatu aldatu zituen arte: Bertsolari Egunetik Bertso Eguna izatera pasatu zen, eta omenaldi kutsua alde batera utzi zuen.

Bertso Egunaren hurrengo pausoa izan zen, egungo formara iritsi arte, Donostia utzi eta herrialdez herrialde mugitzea: 2018tik aurrera horrela da, herrialde osoan eragitea baitu helburu. Pandemiak eraginda 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu baziren ere, Bertso Egunak egin ahal izan ziren, eta 2023an egun osoko plana antolatzeari ekin zitzaion berriro ere.

Contenido patrocinado