Literatura eta futbola "bi errealitate osagarri" gisa aztertu dituzte liburu batean

Mari Mar Boillosen eta Jon Kortazarren 'Egungo Euskal Literatura eta Futbola' liburuaren aurkezpena.
EHU
Actualizado: miércoles, 9 diciembre 2020 16:12

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Mari Mar Boillosek eta Jon Kortazarrek argitaratutako 'Egungo Euskal Literatura eta Futbola' liburua aurkeztu dute asteazken honetan, Bilboko Arkeologia museoan. Literatura eta futbola "bi errealitate osagarri" bezala aztertzen ditu liburuak, eta, besteak beste, Ana Merino, Karmele Jaio edo Manuel Rivas idazleren lanak biltzen ditu.

"Literatura eta futbola bi errealitate kontrajarritzat har badaitezke ere, baieztapen horrek errealitatearekin zerikusirik ez duela erakusten diguten adibide asko daude. Horietan murgiltzen den liburua da hau", azaldu du Mari Mar Boillos Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta ikertzaile eta liburuaren editoreak.

Liburuaren proiektuarekin hasi zirenean, bi editoreei bi galdera egiten zizkieten behin eta berriro: "Zergatik aukeratu duzue gai hori zuen ikerketa bideratzeko?" eta "Ba al dago futbolari buruzko euskal literaturarik?".

Jon Kortazar EHUko Literatura katedradun eta liburuaren editoreak adieazi duenez, "lehen galderak erantzun bat baino gehiago ditu. Gure bizitza esperientziatik hasiko gara. Biok gara futbolzaleak, nahiz eta bati ikustea gehiago atsegin eta besteak lagunarteko kirol praktika maiteago izan. Mari Mar, gainera, Athleticeko Peñen Elkarteko idazkaria da. Biok jaso ditugu futbolari diogun maitasuna gurasoen transmisioan, liburu honetan aztertu den Ramiro Pinillaren nobelak azaldu duen moduan, adibidez".

Bestalde, Boillosek gaineratu du badela futbolari buruzko euskal literatura: "Ez gara hasiko gogoratzen, baina, adibidez, Lauaxetak bere kazetari lanetan Athleticen partiden kronika laburrak idatzi zituen; Arestik ere aipatu zuen Bilboko futbol taldea bere poemetan, giza masen opio gisa; eta Xabier Letek ere bertso gogoangarria eman zigun: 'Realak cuatro uno galdu zuen atzo'".

Modu honetan, futbolzalea literaturazale bihurtu nahi du liburuak, eta literaturazaleei futbolaz duten arbuioa kentzen saiatu. "Futbola gustuko baduzu galdu beldurra letrei, literatura maite baduzu, ez pentsa baloia objektu okerra denik", gaineratu dute.