BILBO 22 (EUROPA PRESS)
Elhuyar fundazioaren patronatuak aho batez izendatu du Maddi Etxebarria Bilbao Elhuyarreko koordinatzaile nagusi, eta Jon Abril Olaetxearen lekukoa hartuko du, hark, ezbehar bat tarteko, kargua uztea erabaki baitu.
Elhuyarrek jakinarazi duenez, Maddi Etxebarria Bilbao, 1971n Gernikan (Bizkaia) jaioa, Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta 1999tik Elhuyarren aritu da lanean: azken urteetan, euskararen alorreko aholkularitzako teknikari lanetan, eta, aurretik, koordinazio lanetan. Zuzendaritzako kidea ere izan da.
Euskararen alorrean, euskalgintzako hainbat erakundetan ordezkatu du Elhuyar, hala nola Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritzan eta Soziolinguistika Klusterrean. Irakasle ere aritu da EHUko 'Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean: hizkuntzen kudeaketa aro globalean' izeneko aditu tituluan eta UEUk antolatutako 'Euskara eta digitalitatea' graduondokoan. Hainbat hitzaldi eta argitalpen ere eginak ditu, batez ere, euskara lan munduan txertatzeko gaiei buruz. Horrez gain, talde gidaritzan eta estrategian esperientzia eta formakuntza zabala du.
Maddi Etxebarria Bilbaoren izendapenarekin, Elhuyarrek "euskal gizarteak dituen erronkei erantzuten jarraitu nahi du, euskaratik gizarte kritiko, aktibo eta berdinzaleagoa eraikitzeko". "Euskara erdigunean jarri nahi du, euskara alor eta sektore gehiagotara zabaltzeko eta euskararen esperientzia beste hizkuntza gutxiagotu batzuetara hedatzeko", adierazi du.
Gainera, adimen artifizialaren aroan euskara lehen mailan kokatzeko lanetan jarraituko du, arreta jarriz erabilera arduratsuan, Elhuyarrek "erreferentzia" izaten jarraitu nahi baitu kultura zientifikoaren euskarazko zabalpenean, zientziaren alorreko eragileekin elkarlanean eta zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lanetan.
Hori guztia egiteko, Elhuyarrek ohiko bideari jarraituko dio, eta, eraldaketa soziala jomugan, pertsonak eta komunitatea erdigunean jarriko ditu eta askotariko eragileekin elkarlanean jardungo du, "sinetsita" baitago, "gizarteak gaur egun dituen erronken aurrean, ikuspegi kritikoa eta berdinzalea gero eta beharrezkoagoak direla".