BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Maisu-Maistren Kidegorako Lan Eskaintza Publikoan izena emateko epea joan den asteartean amaitu zen, eta guztira, 5.031 lagunek eman dute izena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak abian jarri duen prozesuan. Onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda martxoaren 17an argitaratuko da.
Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinatazi dutenez, kalitateko enplegu publikoa sustatu eta euskal hezkuntza sistemako irakasleei egonkortasun handiagoa emateko asmoz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Maisu-Maistren Kidegoan 275 plaza eskainiko ditu, sei espezialitatetan banatuta: Haur Hezkuntza (110 plaza), Lehen Hezkuntza (60), Ingelesa (50), Musika (15), Gorputz Hezkuntza (15) eta Hezkuntza Berezia-Pedagogia Terapeutikoa (25).
Oposizio aldiko lehen proba ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da, Barakaldoko BECen. Probak bi zati izango ditu: A zatian, proba praktikoa egin beharko dute hautagaiek, eta B zatian, berriz, gai bat aukeratu eta garatu beharko dute idatziz, epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik.
Hautagaiek martxoaren 16tik 27ra bitarteko epea dute, biak barne, merituak emateko (Gasteizko San Prudentzio 18an, Bilboko Kale Nagusia 85ean eta Donostiako Andia 13an). Halaber, martxoaren 16tik 31ra (biak barne) Programazio Didaktikoa eman ahalko da.