Mario Larrinagaren "Gure mundua" kartelak iragarriko du 2019ko Bilboko Aste Nagusia

Mario Larrinagaren "Gure mundua" kartelak iragarriko du 2019ko Bilboko Aste Nagusia
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 junio 2019 13:34

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Mario Larrinaga Mochales 20 urteko bilbotarraren "Gure mundua" izenburuko kartelak iragarriko du aurtengo Bilboko Aste Nagusia, kartel lehiaketaren 21. edizioan bozen %40,75 jaso ondoren, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak lehiaketako epaimahai espezializatuak lagunduta ostegun honetan jakinarazi duenez.

Guztira 133 lan aurkeztu dira lehiaketara aurten, eta hortik sei finalista hautatu ziren. Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Madril, Bartzelona, Granada, Sevilla, Valentzia, Murtzia edota Cuencatik heldutako kartelak izan dira lehian, Bilbo eta Bizkaikoak ugarienak izan diren arren.

Urtasunek azaldu duenez, "obra irabazleari buruz eztabaidatzeko egin dituen batzarretan, ikuspegi artistikoen ugaritasuna eta aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmendu ditu epaimahaiak". Halaber, adierazi du nahi lukeela "kartela bilbotarren gustukoa izatea eta, batez ere, ikustea nola irudikatzen dituen Bilbo eta bertako jaiak". Ildo horretan, gogora ekarri du Aste Nagusiaren jatorrizko filosofia "herri jaia" dela.

Bilboko Aste Nagusia abuztuaren 17tik 25era ospatuko da aurten, eta jaietako lantaldea egitarauaren prestaketan murgilduta dago. Urtasunek agerraldian aurreratu duenez, "aurreko edizioetako arrakasta errepikatzea espero dugu, parte hartze handiarekin eta giro atseginarekin. Jo eta su ari gara lanean, kalean dohainik eskainiko ditugun jardueren xehetasun guztiak adosteko. 400 ekintza baino gehiago izango dira guztira. Gaur irudiaren aukeraketarekin hasiko gara, hori baita Bilboko jaiak mundu zabalean ezagutzera emateko modurik onena".

Era berean, Bilboko Udaleko Jaietako zinegotziak eskerrak eman dizkie kartel lehiaketan parte hartu duten pertsona guztiei, euren denbora eta irudimena eskaintzeagatik.

Contenido patrocinado