Murgiltze eredua indartzeko bideak aztertuko dituzte azaroaren 18an Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan

Murgiltze eredua indartzeko bideak aztertuko dituzte azaroaren 18an Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan
IKASTOLEN ELKARTEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 28 octubre 2026 13:22

DONOSTIA 28 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoak izango dira azaroaren 18an Donostiako Kursaalen, 'Euskalduntzen duen hezkuntza: erronkak eta estrategiak izenburupean', eta murgiltze eredu integralago batera egiteko beharrezkoak diren estrategiak aztertuko dituzte bertako eta nazioarteko adituek.

Ikastolen Elkartetik jakinarazi dutenez, murgiltze eredua defendatu ez ezik, "birpentsatu eta indartzeko bideak" esploratuko dituzte jardunaldiotan, eta hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartzeko bideak aztertuko dituzte. Horretarako, orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneak aztertu, gaur egungo erronkei aurre egiteko estrategiak mahaigaineratu eta haien lurreratze pedagogikoa landuko dute.

Topaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago ikastolak.eus atarian. Jardunaldiak hezkuntza alorreko arduradun eta profesionalentzat nahiz gaiarekiko interesa duten guraso eta herritarrentzat izango dira baliagarriak.

Inaugurazio hitzaldia Iñaki Iurrebaso UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ikerketa arduradunak eskainiko du, 'Gizarteak eskola baldintzatzen du, eskolak gizartea eraldatzen du. Hezkuntzaren ekarpenak, mugak eta erronkak euskararen indarberritzean' izenburupean.

Abiapuntu horretan oinarrituta, hiru gai nagusi jorratuko dira egunean zehar. Lehenengoan, Kike Amonarriz soziolinguistak ikasgelatik eta ikastetxetik harago euskararen erabilera nola sustatu aztertuko du, eta, bereziki, familiek eta aisialdiak euskararen erabilera bultzatzeko duten garrantziaz arituko da.

Bigarren gaia errealitate demografiko berrien aurrean harrera eta estrategien ingurukoa izango da. Anna Forés Bartzelonako Unibertsitateko Neurohezkuntza Katedrako zuzendaria, hizkuntza ikastean eta inklusio prozesuetan ikasleen ongizate emozionalak duen garrantziaz arituko da. Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia politikoetako doktore Vicent Climent-Ferrandok, berriz, hizkuntza gutxituek benetako aukerak izan ditzaten beharrezkoak diren baldintza sozial eta instituzionalak aztertuko ditu.

Hirugarren gaian, euskararen erabilera helburu, Letizia Garcia Mondragon Unibertsitateko irakasle-ikertzaileak gaitasuna, atxikimendua eta erabilera landuko ditu, eta hiruen arteko elkarreraginean sakonduko du.

Azkenik, Siwan Jonesek Galeseko esperientzia aurkeztuko du. Galesko hezkuntza eta hizkuntza politikaren arduradun nagusietako bat da Jones, eta hizkuntza gutxitu baten ikaskuntza eta erabilera sustatzeko garatutako estrategia integrala azalduko du, murgiltze ereduaren perspektiba integraletik.

Contador

Contenido patrocinado