Actualizado 26/11/2020 10:58 CET

Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna garatzeko proiektua abiatu dute

Ezkerretik eskuinera: Beñat Irasuegi (Talaios), Jaione Martínez (Skura) eta Igor Leturia (Elhuyar).
ELHUYAR

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

Mycroft.eus prioektua jarri dute martxan Elhuyar Fundazioak eta Skura eta Talaios kooperatibek, euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu adimenduna garatzeko. Horretarako, Mycroft AI software libreko gailua egokituko dute, Elhuyarren bi sistema hobetuz eta integratuz: hizketaren ezagutza eta sintesia, biak ala biak adimen artifizialean eta 'Deep Learning' deritzon teknologian oinarrituta garatuak.

Egitasmoaren arduradunek azaldu dutenez, euskara eremu digitalean sendo egon dadin, beharrezkoak dira hainbat eragileren jakintza, ezagutza eta elkarlana. Bada, proiektuak horixe du xede, punta-puntako teknologia garatzeko norabide berean ariko diren erakundeen indarrak metatzea, administrazioaren babes eta laguntzarekin.

Urtebete iraungo duen proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko 'Etorkizuna Eraikiz' ekimenaren babesa jaso du, baita Eusko Jaurlaritzak enpresen I+G bultzatzeko duen 'Hazitek' programaren laguntza ere. Errenteriako Udalak Torrekua eraikina utziko du proiektua bertan garatu ahal izateko. Torrekua eraikinean, teknologia burujabetzako estrategiak garatzeko beharrezkoak diren ekonomia sozialeko harremanak eta teknologia libreen garapenak saretzen ari dira gaur egun, hainbat proiekturen inguruan.

Gainera, arduradunek nabarmendu dutenez, proiektuaren garrantzia neurtzeko, "adierazgarria da Europan jaso duen babesa eta laguntza". European Language Grid Europako laguntza deialdira aurkeztutako Europa osoko 110 proiektuen artean, hautatutako hamarretako bat izan da Mycroft.eus, Espainia eta Frantziako eremu administratiboan bakarra. Hizkuntza teknologiak bultzatzeko Europako azpiegitura teknologiko handi bat eraiki nahi dute, baliabide urriko hizkuntzei ere lagunduz.

GUZTIZ FUNTZIONALA

Egitasmoak izaera esperimentala duen arren, ikerketa eta garapeneko prozesuaren amaieran, urtebete barru, euskarazko bozgorailu adimendun "guztiz funtzional bat" izatea aurreikusi da. Bozgorailu berria "asmo handiko" proiektua da: erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko du, eta genero ikuspegi egokia izango du txertatuta.

Horrez gain, Elhuyarren ahotsaren ezagutza eta sintesia bozgorailuen domeinura egokituko da, eta tokiko gaitasunak garatuko dira, euskarazko bozgorailuak Euskal Herriko albisteak, musika eta erosketak lehenetsi ditzan.

Azkenik, jakinarazi dute European Language Grid deialdiak MetaForum biltzarra antolatuko duela abenduaren 1etik 3ra. 2020koa edizioa birtuala izango da, eta bertan, poster saio bat egingo da, deialdi europarrak hautatu eta diruz lagundu dituen proiektuak hizkuntza teknologien komunitateari aurkezteko. Mycroft.eus proiektua izango da horietako bat. Aurtengo MetaForum biltzarrean parte hartzen dutenek, beraz, aukera izango dute euskarazko bozgorailu adimendunaren zehaztasunak ezagutzeko.