BILBO, 19 (EUROPA PRESS)
Iñigo Murga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak neke kronikoaren sindromea aztertzeko protokolo bat zehaztu du 'Identificación y caracterización de subgrupos clínicos en el Síndrome de Fatiga Crónica/Encefalomielitis Miálgica. Propuesta de un protocolo para su estudio' izenburuko doktore tesian. Ikerketak "informazio garrantzitsua" du komunitate medikoarentzat, bereziki lehen arretako profesionalentzat, "orientazio gisa balioko baitu diagnostiko bizkor batera gerturatzeko".
EHUko iturriek jakinarazi dutenez, Murgak gaitz konplexu eta ezezagun horri buruzko azterketa zorrotza egin du zazpi urtez. Paziente bakoitzaren sintomatologia ebaluatu ondoren, "gaixo profil ezberdinak" daudela ondorioztatu du. "Sintoma horiek guztiak klinikoki karakterizatu eta azpitaldeak sortzea lortu dugu, paziente bakoitza ebaluatzeko protokolo oso zehatz bat ezarri ahal izateko", azaldu du ikertzaileak.
Murgak adierazi du "ezaugarri jakin batzuk bakarrik izango balitu bezala" aztertzen dela gaixotasuna nazioartean batez ere, baina "askotariko ezaugarriak" dituela ikusi du bere tesian. 'Frontiers in Psychiatry' aldizkarian argitaratu dira alderdi horiek: 'Clinical Heterogeneity in ME/CFS. Away to Understand Long COVID19 Fatigue'.
Iñigo Murgak EHUko Neurozientziak Sailean urteotan egin duen ikerketa sakonak neke kronikoaren azterketan aurrera egiteko oinarri gisa balio dezakeen jardunbidea eskaini dio komunitate zientifikoari. Lan horrek, gainera, gaitza ikusgai egiteko beharra jarri du agerian, eta tresna erraz batzuk eman ditu lehen arretan diagnostiko goiztiarra egiteko.
Neke kronikoaren sindromea zenbait sistema organikotan eragiten duen sindrome neurologiko bat da, desgaitasuna sortzen duena hein handi batean; nekagarritasun iraunkorra eta azaldu ezinekoa eragiten du ahalegin bai fisiko eta bai mental txikiekin. Jatorri ezezaguneko patologia konplexua da, eta drastikoki murrizten ditu pazientearen jarduera profesionalak, sozialak eta etxekoak.
Gizonezkoei baino gehiago eragiten die emakumeei, ugaltzeko adinean daudenei, baina haurtzaroan ere ager daiteke. Gainera, gaixotasun arraro edo maiztasun gutxiko gisa sailkatzen da esparru soziosanitarioan, eta diagnostikora iristeko, bost urte behar izaten dira batez beste.
Era berean, Murgaren ikerketan, nerbio sistema autonomoaren funtzioak ebaluatu dira (erraien nahigabeko ekintzak kontrolatzen ditu), eta odoleko autoantigorputzen balioak zehaztu, gaixotasunaren konpromiso neurologikoa eta immunea ezagutzeko.
ARAZO SOZIALA
Iñigo Murgak neke kronikoaren sindromearen arazo soziala agerian jartzearen garrantzia nabarmendu du. Bere hitzetan, "pazienteek muga funtzional handiak dituzte, eta, horrez gain, diagnostikoa lortu ondoren, haietako askok zailtasunak izaten dituzte beren segimendua egiteko eta beren lan-eskubideak aintzat hartuak izan daitezen".
Halaber, gaitzaren konplexutasuna dela eta, euskal osasun publikoak ez du unitate espezializaturik, eta pazienteek Kataluniara jo behar izaten dutela esan du EHUko ikertzaileak.
Murgak azpimarratu duenez, "gaitzak garrantzi handia hartu du covid-19aren osteko sindromearekin duen antz handiaren ondorioz". Hala ere, gehiago ikertu behar dela nabarmendu du, "kondizio desberdinak diren edo benetan berdin-berdinak diren zehazteko".
Ikertzaileak adierazi duenez, "gaitzari buruzko ezagutzan aurrera egin behar da unibertsitatearen eta alderdi biosanitarioaren esparruan. Gaur egun, nahikoa esperientzia dugu gaixotasun honetan, EHU eta Euskal Herria nazioarteko erreferente abangoardista bihur daitezen. Lan honekin, hazia jarri dugu guk".
Iñigo Murgaren doktore tesiak 2023-2024ko Aparteko Doktoretza Saria jaso du Neurozientzietako doktoret programaren esparruan (EHU). Santurtziko San Juan de Dios erietxeko Neurotek disautonomia unitatearekin eta Gangoiti Fundazioarekin lankidetzan egin du azterketa.