Olanok harrera egin die Kilometroak jaiaren antolatzaileei

Olano eta Kilometroak jaiaren ordezkariak.
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Publicado: lunes, 19 septiembre 2022 16:28

DONOSTIA, 19 Sep. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano Kilometroak ikastolen aldeko jaiaren antolatzaileekin elkartu da astelehen honetan Foru Jauregian, aurtengo ekitaldiaren helburuen berri izan eta bere atxikimendua adierazi asmoz.

Olanorekin batera, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabal, Nekane Artola eta Arantza Munduate Kilometroak elkarteko ordezkariak, eta Uzturpe ikastolako ordezkari Aitor Bengoa eta Uxue Sukia ere izan dira bileran.

'Irribarra' lelopean egingo da urriaren 2an Ibarran Gipuzkoako ikastolen urteroko festa. Jolasak, kultura, sormena eta gastronomiari lotutako egitarau aberatsa antolatzeaz gain, Uzturpe ikastolak euskararen aldarria zabalduko du egun horretan.

Olanok adierazi duenez, "egungo mundu aldakor eta indibidualista honetan inoiz baino garrantzia handiagoa dute ikastolek beren jaiotzatik berezko dituzten balioek". Horren lekuko da, izan ere, Uzturpe ikastola.

"Hamarkadaz hamarkada, diktaduraren garai latzetatik abiatuta, hainbat eta hainbat familia beren seme-alaben hezkuntzarekin konprometitu dira Ibarran, hezkuntza hori euskaraz izan dadin, eta, horrekin batera, komunitate eta herri euskaldun bat eraikitzeko bidean ekarpen eskuzabala egin dute", gogorarazi du.

Horregatik, euskararen erabilera indartzeko egitasmo eta ekintzak areagotzen ari diren garaiotan, "berrikuntza eta auzolanaren aldeko aldarriarekin bat" egin du diputatu nagusiak.

"Euskararen geroa bermatzeko ahalegin partekatu horretan, ezinbestekoa da herritarrok euskararen aldeko konpromisoari eustea eta gure eguneroko bizitzan konpromiso hori gauzatzea. Gure hizkuntzaren biziberritze prozesuari bultzada berri bat emateko unea da, indar betez, erabilera helburu. Desafio horrek eskatzen du lankidetza biderkatzea eta berritzaileak izatea. Horrela lortuko dugu gure hizkuntzaren erabileran jauzi berri bat egitea", berretsi du Markel Olanok, eta herritarrak animatu ditu Kilometroaken antolatutako ekintza eta ekitaldietan parte hartzera.