Pierre Huygheren "(Untitled) Human Mask", uztailaren 16ra arte Guggenheim Bilbao Museoan

Pierre Huyghe eta Juan Ignacio Vidarte
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 30 marzo 2017 14:03

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Pierre Huyghe artista frantsesaren "(Untitled) Human Mask" (2014) lana hartuko du Guggenheim Bilbao Museoak ostegun honetatik uztailaren 16ra. Bideoartea, bideoinstalazioa eta irudia mugimenduan darabiltzaten artelanak erakusteko 2014an ireki zenetik Film & Video aretoan ikusgai izango den hamargarren artelana da.

Lanaren aurkezpenean artista bera eta Juan Ignacio Vidarte museoaren zuzendaria izan dira. Azaldu dutenez, Huyghek 2014. urtean sortu zuen "(Untitled) Human Mask", Japoniako sake etxe tradizional batean bezeroez arduratu eta haiek entretenitzen zituzten etxekotutako bi tximinoren benetako historia ezagutu ostean.

Huyghen filmaketa inguru mortu batean kokatzen da. Gertatu berri zen tsunamiak eta Fukushimako hondamendi nuklearrak eraitsitako etxeak bereizi daitezke bertan. Eraikin goibel baten barruan zehar biztanle bitxi bat dabil: antzerki maskara japoniar tradizionala, emakume ileorde bat, alkandora zuria eta eskolako uniforme baten antzeko soineko ilun bat daramatza soinean.

Tximino bat den arren, jarrera arretatsu eta irrikatsuak, bai eta gorputz hizkerak ere, gizatasun anbiguo bat dakar gogora. "Huyghek dekoratu irreal batean animalia baten jokabidea aztertzearen paradoxa lantzen du, errealitatea arakatzeko, giza kondizioa azken finean", azaldu dute.

Pierre Huyghe Parisen jaio zen 1962an eta hiri horren eta New Yorken artean bizi da. Hasieran, arte grafikoetan eta dekoratiboetan trebatu zen Parisen, eta arte bitartekoen eta artelanaren eta hura inguratzen duen munduaren arteko harremanen inguruan egin duen etengabeko gogoetak bihurtu du nazioarteko artista gailenetako bat.

Hogei urtetik gorako ibilbidean diziplina ugari jorratu eta berriz definitu ditu, besteak beste, zinema, argazkilaritza, bideoa, soinua, animazioa, eskultura, diseinua, arkitektura, musika eta performancea.

Contenido patrocinado