"Poetaren hitza" musikaz lagundutako olerki topaketak egingo dira Donostian eta Irunen

Actualizado: lunes, 31 enero 2011 18:34

DONOSTIA, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Irungo (Gipuzkoa) Kabigorri ateneoak "Poetaren hitza" musikaz lagundutako olerki topaketak antolatu dituzte otsailaren lehenengo egunetarako. Ekitaldi guztiak, bai Kabigorri ateneoan egingo direnak, bai eta Koldo Mitxelena Kulturunekoak ere, 19:30etan hasiko dira.

Topaketak otsailaren 2an hasiko dira Kabigorri ateneoan. Egun horretan, Jesus Rodriguezek "Entre el cielo y la tierra" errezitaldia eskainiko du. Otsailaren 3an, "Jorge Oteiza, Egan" hitzezko eta bideozko emanaldia ikusi ahal izango da; ahotsak, Jesus Rodriguezek eta Javi Sistiagak jarriko dituzte, eta Ttipia ta Txomin Txalapartak musika.

Itxaro Bordak emango die jarraipena topaketei otsailaren 4ean, "OUT" bere lanaren irakurketa egingo baitu, Maddi Oihenartek eta Jeremi Garatek lagunduta. Otsailaren 5ean, "HIRUNen Argisoinuketa" argi eta soinuzko emanaldia eskainiko dute Juan Crego, Patxi Serrano eta Jose Blancok, polipoetiko-elkarreragile-multimedia kontzertu klasiko baten egituraren gainean.

Kabigorri ateneoko emanaldiei amaiera emateko, otsailaren 6an,

"Nuevas presencias nuevas tendencias" izenburupean, gaur egungo poesiaren ahots gazteen barna egindako ibilaldi laburra egingo du Javi Sistiagak, Esther Barandiaranek pianoan lagunduta. Gainera, otsailean zehar, Juan Crego eta Patxi Serranoren ikus-poemekin osatutako "Hitzak begientzako" erakusketa izango da ikusgai Kabigorrin.

DONOSTIA

"Poetaren hitza" topaketek Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izango dute jarraipena, otsailaren 7an hasita. Egun horretan, Hedoi Etxartek eta Andoni Arcilla Ballabrigak "Suzko lilia: Estereofonia, abestiak eta olerkiak" ikuskizuna aurkeztuko dute. Izen berarekin argitaratutako liburuan oinarritutako abestiak, poema irakurketak musika lagunduarekin eta estereofonia bat dira.

Gainea, Harkaitz Cano, Marina Tsvetaieva, Angel Erro, Gabriel Aresti edo Bertolt Brechten poemek lagunduko diote ikuskizunari. Teklatuan eta kantuan izango da Andoni Arcilla, eta ahotsak Hedoi Etxarteren esku.

Kandido Urangaren eta Fran Lasuenen txanda izango da otsailaren 8an. "Jon Mirande" ikuskizunak bi ardatz nagusi ditu: batetik Jon Mirandek Andima Ibiñagabeitiari bidalitako gutunak eta bestetik, poemak, Jon Miranderen poemak.

"Anphora baita" ikuskizuna izango da otsailaren 9an. Pello Otxotekoren azken poesia-liburuaren irakurketan datza saioa, Esther Barandiararen pianoaren laguntzarekin.

Ana Pimenta, Asier Hernandez eta Iñaki Salvadorrek "Contigo hambre y cebolla (En recuerdo de Miguel Hernandez)" ikuskizunarekin amaituko dira aurten "Poetaren hitza" olerki jardunaldiak.