Puntueus eta Iametza elkarlanean arituko dira euskarazko digitalizazioa indartzeko

Elisabeth Pombo eta Josu Waliño.
IAMETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 5 marzo 2024 12:33

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Puntueus eta Iametza erakundeak elkarlanean arituko dira euskararen ekosistema digitala bultzatzeko, eta, besteak beste, ingurune digitalean euskara garatzeko funtsezko zerbitzu eta azpiegitura berriak garatzea aurreikusi dute.

Josu Waliño Puntueuseko zuzendariak eta Elisabeth Pombo Iametzako zuzendariak akordioaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, lehenago ere zenbait proiektutan elkarrekin aritutakoak diren arren, bien arteko lankidetza estrategiko berria domeinuen eta web zerbitzarien sektoreko enpresa kontzentrazio joeraren ondorioz sortu da.

"Izan ere, merkatuak hartu duen norabideak zailtasunak sortu ditu gaur egun euskaraz dauden zerbitzu eta soluzioei eusteko. Atzerriko enpresa taldeek tokiko enpresen jabetza eskuratu izanak erabat mugatu du erabiltzaileek produktu eta zerbitzuak euskaraz eskuratzeko aukera", azaldu dute.

Bada, egoera horretaz jabeturik elkartu dira Puntueus eta Iametza, "euskal ingurune digitalean hizkuntza aniztasuna sustatu eta kalitatezko eta euskarazko zerbitzu digitalak eskatzen dituzten erabiltzaileen beharrei erantzuteko".

Hain zuzen, epe luzeko lanerako plan baten lehen fasean, lehenengo ahaleginak 'NI.EUS' euskarazko doako posta elektronikoaren zerbitzua berregituratzera bideratuko dira. Zerbitzu horren berrantolatze eta finkatze prozesu integrala gauzatuko da datozen hiletan, bere erabiltzaileen beharrei erantzunteko eta, proiektua sortu zeneko balioei leial, hazten jarraitzeko.

Halaber, hobekuntzak ezarriko dira 'LABUR.EUS' zerbitzuan. Oso errotuta dagoen url laburtzailea da, 50.000 erabiltzaile erregistratu eta 500.000 url baino gehiago dituena.

Elkarlanaren lehen urrats hauek gauzatzeko hilabete batzuetako lana aurreikusi da, migrazio lanak tarteko, baina Puntueus eta Iametzaren ustez, bi proiektuon garapena "aurrerapauso nabarmena da euskarazko zerbitzu digitalak hobetzeko eta modernizatzeko".

Contenido patrocinado