BILBO 22 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduek 1.257.334 sarrera eta 2.653.261 ostatu gau erregistartu dituzte udako hiruhilabeteetan (uztaila, abuztua eta iraila), hau da, iazko aldi berean baino %5,7 eta %5,8 gehiago, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Lurralde historikoka, Araban, 325.460 ostatu gau izan dira hiru hilabeteotan, iazko udan baino %2,0 gutxiago; Bizkaian, urte arteko %8,4ko igoerarekin, 1.201.973 ostatu gau izan dira, eta Gipuzkoan 1.125.828, iazko udan baino %5,6 gehiago.
Udarako kalkulatutako batez besteko egonaldia 2,11 egunekoa izan da EAEko hoteletan, aurreko urteko udan lortutakoaren berdina. Plazen okupazio maila %72,2koa izan da plazen arabera neurtuta, iazko balio bera, eta % 83,4koa gelen arabera neurtuta, 2025eko udan baino %0,6 puntu gehiago.
Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoa nabarmendu da plazen %78,1eko okupazio mailarekin; ondoren datoz Bizkaia (%70,5) eta Araba (%61,6). Gelen arabera neurtuz gero, okupazio maila %86,3koa izan da Gipuzkoan, eta %81,5nakoa Araban eta Bizkaian.
Hiriburuen arabera, Donostian izan da okupaziorik handiena: %82,1ekoa izan da plazen arabera neurtuta eta %88,5ekoa gelen arabera neurtuta. Bilbon, okupazio maila %77,4koa izan da plazei erreparatuta, eta %87,8koa gelei erreparatuta, eta, azkenik, Gasteizen, %60,4koa eta %83,7koa izan da, hurrenez hurren.
IRAILA
Bestalde, EAEko hotelek 380.529 sarrera eta 786.007 ostatu gau izan dituzte irailean, hau da, iazko hilabete berean baino %4,5 eta %5,0 gehiago. Iraileko sarreren %57,6 eta ostatu gauen %59,4 atzerritarrenak izan dira.
Araban 46.739 sarrera eta 97.039 ostatu gau erregistratu dira, hots, 2025eko irailean baino %1,3 gehiago eta %6,8 gutxiago, hurrenez hurren; Bizkaian sarrerak %3,9 igo dira, eta ostatu gauak %6,8, guztira 177.514 eta 355.241 zenbatetsi ondoren, hurrenez hurren; Gipuzkoan, 156.276 sarrera izan dira, 2025eko irailean baino %6,3 gehiago, eta 333.727 ostatu gau, %6,9 gehiago.
Hiriburuak kontuan hartuz gero, sarreren bolumena %0,3 igo da Donostian; Bilbon eta Gasteizen, berriz, %0,7 eta %3,8 jaitsi da, hurrenez hurren. Ostatu gauak, bestalde, urte arteko terminoetan, %6,5 igo dira Donostian eta %0,9 Bilbon; Gasteizen, berriz, %10,8 jaitsi dira.
Iraileko batez besteko egonaldia 2,07 egunekoa izan da aurten EAEko hoteletan, joan den urteko hilabete berean lortutakoa baino handixeagoa (2,06 egunekoa izan zen 2025ean).
Okupazio maila %65,8koa izan da plazen arabera neurtuta eta %81,2koa gelen arabera neurtuta, eta horrela, 2025eko irailarekin alderatuta, okupazioa %0,7 puntu txikiagoa izan da plazen arabera neurtuta, eta %0,5 puntu handiagoa gelen arabera neurtuta. Errentagarritasuna, ADRaren edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtua, 161,5 eurokoa izan da EAEn, hau da, iaz baino %10,2 gehiago.
ADRa 203,5 eurokoa izan da Gipuzkoan, 138,4 eurokoa Bizkaian eta 114,1 eurokoa Araban. Hiriburuen artean, aldeak antzekoak izan dira, ADRa 266,3 eurokoa izan baita Donostian, 162,7 eurokoa Bilbon eta 97,5 eurokoa Gasteizen.
Orobat, RevPar edo gela eskuragarriko batez besteko diru sarrerak 131,2 eurokoak izan dira 2026ko irailean EAEko hotel establezimenduetan, hau da, joan den urteko hilabete berean baino %10,8 handiagoak.
Azkenik, sarrerak %3,5 eta ostatu gauak %3,6 igo dira EAEko hoteletan 2026ko urtarriletik irailera, iazko aldi metatu berarekin alderatuta. Lehen bederatzi hilabeteotan, batez besteko egonaldia 2,00 egunekoa izan da, 2025eko aldi berean izandakoaren berdina. Okupazio maila %59,8koa izan da plazen arabera neurtuta eta %71,4koa gelen arabera neurtuta, hau da, joan den urteko aldi metatu berean baino %0,6 eta %0,2 puntu txikiagoa, hurrenez hurren.