Sindikatuek nabarmendu dute greba orokorrak "jarraipen zabala" izan duela lehen orduetan

Mobilizazio bat greban
LAB
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 marzo 2026 9:29

BILBO 17 (EUROPA PRESS)

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek nabarmendu dute gutxieneko soldata Euskal Herrian zehaztearen alde astearte honetarako deitu duten greba orokorrak "jarraipen zabala" izan duela eguneko lehen orduetan.

Sindikatuek ohar bidez adierazi dutenez, 'Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko' lelopean deitutako lanuzteak "atxikimendu handia" izan du langileen aldetik, eta ohiko asteguneko jarduera baino "askoz baxuagoa" da astearte honetakoa.

Ildo horretan, adibidez, trafikoaren dentsitatea "nabarmen" jaitsi dela azpimarratu dute, langile askok erabaki dutelako "lanera ez joatea eta piketeetan parte hartzen ari dira industrialde eta hiri guztietan".

Sindikatuen arabera, grebaren jarraipena "oso zabala" izaten ari da industrian eta ekoizpena "geldirik dago enpresa handi askotan". Gipuzkoan, adibidez, jarraipena "ia erabatekoa" da KSB Itur, Inda Taldea, Elmubas, Korta, Ampo, Mendiaraz, Corrugados, Natra, Garay, Elay, Tesa, Yurrita, Arcelor Bergara, Ikankonitrek, CIE Legazpi, GKN, Indar, Hine, CAF Irun eta Beasain, Niessen, Lau Lagun, Ubis, Mendiola, Ahlstrom, ITV zerbitzuak, Biele Azpeitia, Guerra Hnos Beasain, ABC Eibar, JMA edo Indaux enpresetan.

Bide beretik, eta langileek hala erabakita, itxi egin dute Irizar, Orona, Fagor Electrónica eta Ulma Embedded kooperatibek, eta gauza bera gertatzen ari da Nafarroako ipar-ekialdeko Funvera, Savera, Torraspapel, Lakuntza Calor, Barranquesa, Omnia, Magotteaux, Arcelor Lesaka, Portland, Aceros Moldeados, GhGuema, Mecaisa edo Guerra Hnos enpresetan.

Orobat, grebaren jarraipena "oso zabala" izaten ari da beste lurraldeetako enpresa garrantzitsuetan ere, hala nola Bizkaian (Cementos Lemona, Kide, Cikautxo, Nemak, Kauxot, Kutenik, Losal, Bruss, Pronutec, Teknia, Sermanfer, Winoa, Ingeteam, Alstom, Gestamp, Arisawa, Salica), eta Araban (Cie Goian, AEG, Cie Nova Recyd, Cie Gameco, SAS Autosystemtechnik, Fibertecnic, Dominion, Tauxme, Wec, Arcelor, eta Laminaciones Arregui).

Eragin orokorraz gain, sindikatuek Aiaraldean izan duen eragina nabarmendu dute, Maderas de Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Inausa, Amurrio Ferrocarril edo Envases Metalúrgicos enpresatan, adibidez. Era berean, Bizkaian, kostaldeko kontserbak eta grafikagintza sektoreak aipatu dtuzte, eta Nafarroako Erriberan, Congelados de Navarra, Uvesa, Florette, Viñedos Ría eta Huertas de Peralta.

ZERBITZU PRIBATUAK

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ziurtatu dute zerbitzu pribatuetan ere "jarraipen zabala" aurreikusten dela. Horrela, herri askotako merkataritza txikia "ixtekotan" dela adierazi dute, baita eskola publikoetako, ikastoletako eta enpresetako jangela ugari ere (Krafft, Tesa, Fagor, EITB, Deustuko unibertsitatea, Karmelo Etxegarai, Lehiarreta eskola, Eskolapios, Jesuitak, Avifes, Kontxa eskola, Zubeldia eskola).

Era berean, merkataritzan itxita egongo direnen artean daude Elkar Euskal Kulturgintza, HYM, Cortefiel, Eroski, Dia (Bizkaia), Lidl, Movistar, Natura, Tezenis, Lidl Azkoitia, Eibar eta Hernani, Bricodepot Oiartzun eta Tezenis.

Bide beretik, garbikuntza zerbitzuak eten dira Termibus Bilbon, EITB Miramonen, industria enpresa askotan (Petronor, CAF, Indar, Irizar, CIE, Elay, Fagor) eta hainbat udaletan (Astigarraga, Ugao, Hernani, Basauri, Altza eta Oñatiko kiroldegiak).

Azpikontrata publiko asko ere batu dira grebara, besteak beste, lorezainak (Sondika, Hondarribi, Sopela, Basauri, Lemoa, Ugao) eta kale garbikuntza (Ugao, Lekeitio, Lemoa, Trapagaran, Lea Artibai, Elis ikuztegia).

Soraluze, Beasain, Tolosa, Barakaldo Lasesarre eta Gorostiza, Orio, Basauri, Markina, Zornotza, Oiartzun eta Oreretako kiroldegiak ere itxita egongo dira. Araban, kirol kudeaketa eta ludoteketako langileen "jarraipen zabala" nabarmendu dute, eta Nafarroan, grebaren eragina "aipatzekoa" da kirol elkarte batzuetan (Oberena, Uharte), ITV eta supermerkatu handi batzuetan (Carrefour, Leclerc). Bi portuetan erantzun zabala aurreikusi da, esaterako, Pasaiako Portuko Agintaritzan eta Bizkaiko amarradoreetan.

ZERITZU PUBLIKOAK

Zerbitzu publikoei dagokienez, garraioan linea askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira eskaintzen ari, Euskotrenen eta Metro Bilbaon, adibidez. Errepidezko bidaiarien garraioan, Gipuzkoan, greba egiten ari dira Donostibusen eta Hiribus Zarautzen.

Administrazio publikoan, esaterako Gipuzkoan, hamarnaka udaletxetan ia erabatekoa izango da lanuztea: Orio, Azpeitia, Zestoa, Hernani, Oiartzun, Usurbil, Astigarraga, Zumarraga, Zizurkil, Mendaro, Bergara, Arrasate, Zarautz, Beasain, Ordizia, Oñati, Idiazabal, Lazkao, Tolosa, Idiazabal edo Urretxu. Beste askotan "oso jarraipen handia" espero da (Errenteria, Legazpi, Donostia), baita Bizkaian ere (Busturialdea, Gernika-Lumo, Durangaldea, Arratian, Markina, Ispaster, Ibarrangelu, Galdakao).

Gasteiz eta Legutioko udaletan ere eragina garrantzitsua izango da, eta Nafarroan, udal zerbitzuen jarduera "oso murritza" izan da Iruñea, Zizur Nagusia, Burlata, Atararrabia, Altsasu eta Leitza zein Sakanako Mankomunitateetan. Gauza bera gertatu da Sasieta, Loatzoko eta Debagoiena mankomunitateetan eta Urola Kosta udal elkartean.

Halaber, sindikatuek salatu dutenez, osasungintzan eta gizarte ongizatean, "beste behin ere, gutxieneko zerbitzuen bitartez, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaio". "Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Larrialdietako langileek ere %100eko gutxieneko zerbitzuak pairatu dituzte", kritikatu dute.

Esku hartzeko sektorean grebak "jarraipen zabala" izango du, eta hezkuntza publikoko ikastetxeetan "jarraipena oso zabala" izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langileen erdiak baino gehiagok greba eginda.

Sukalde ugari itxita egongo dira eta, "Heziketa Bereziko langileei gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubidea guztiz baldintzatu dieten arren, grebalari asko egongo dira". Haurreskolak Partzuergoan eta Hego Euskal Herriko Ikastoletan "ia erabateko" lanuztea espero da. EHUko zein Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduera "oso murritza" izango da, eta Mondragon Unibertsitateko Debagoieneko lau fakultatetik hiru itxita egongo dira.

Azkenik, EITB Taldean grebaren "jarraipena oso zabala" izaten ari da eta informatiboak bakarrik ari dira emititzen (gutxieneko zerbitzuak). Gainera, Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia, eskualdeetako Hitzak eta tokian tokiko komunikabide asko greban daude.

Contador

Contenido patrocinado