Tenperatura altuengatik ezarritako alerta laranja dela eta arreta handiz ibiltzeko aholkatu du Osasun Publikoak

Beroa dela eta Osakidetzaren gomendioak
GOBIERNO VASCO
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 12 agosto 2025 12:48

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak, beroagatik alerta laranja Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu dela kontuan hartuta, berriro adierazi du komeni dela osasun-gomendioei jarraitzea tenperatura altuek herritarren osasunean eraginik izan ez dezaten.

Osakidetzaren esanetan, egun batzuk lehenago jasandako beroa eta aste honen amaierara arte aurreikusitakoa metatzeak arreta handiagoa eskatzen du ezarri beharreko neurrietan eta jarraitu beharreko aholkuetan, bereziki arrisku-populazioaren aldetik: 4 urtetik beherakoak, adinekoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta kanpoan jarduera fisikoa egiten duten pertsonak.

Astelehen honetan, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak 15 pertsona artatu zituen, Euskadin izandako tenperatura altuen ondorioz. Horietatik 13 ospitalera edo osasun-zentroetara eraman zituzten anbulantzietan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi du oso garrantzitsua dela 2025eko Beroaren aurkako Planean jasotako gomendioei jarraitzea. Planaren helburua urteko hilabete beroenetan gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen inpaktua prebenitzea eta murriztea da, arreta berezia jarriz kolektibo ahulenetan.

Bakarrik bizi diren adinekoekin harremanetan maiz jartzea, edota aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan inor ez uztea, batez ere egunaren erdiko orduetan, dira eman dituzten gomendio nagusietako bi.

Nahiz eta itzalean egon aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean inor ez dela utzi behar nabarmentzen du Osakidetzak. Beste gomendio nagusietako bat adineko pertsonak gutxienez egunean behin bisitatzea da, batez ere bakarrik bizi direnak, zailtasunak izan ditzakete eta babes-neurriak hartzeko.

Beste hainbat gomendio eman dituzte Osakidetzatik aire zabalean jarduteko. Adibidez, eguerdiko orduetan eguzki esposizioa sahiestea eta sei hilabete baino gutxiagoko haurtxoak inoiz ez zuzenean eguzkitan jartzea; eguzkitik babesteko kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa erabiltzea; arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabiltzea; edota bero handiko boladetan jarduera fisiko bizia egitea saihestea.

Ordubete baino gehiago luzatzen diren eta tenperatura altuekin zerikusia duten sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia...), kontsultatu osasun-langileei.

Gomendioekin jarraituz, etxean eta barrualdean kontuan hartu beharrekoak dira, batik bat, tenperatura altuak direnean leihoak eta pertsianak itxita edukitzea, eta gelak aireztatzeko eta freskatzeko gaueko airea aprobetxatzea; eguneko ordurik beroenetan, beroa sortzen duten etxetresna elektriko eta aparaturik ez erabiltzea; edota gorputza freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak.

Ezin bada etxea freskatu, egunean zehar bi edo hiru ordu leku freskoren batean pasatu, aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako.

Oso garrantzitsua da ura eta likidoak maiz edatea, egarri izan arte itxaron gabe. Kafeina, alkohola edo azukre asko duten edaririak sahiestea ere gomendatzen da, ez dutelako egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dutelako. Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko. Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu, berora egokitzea zailtzen baitute.

Edozein pertsonak beroagatik arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, bai eta adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.

Contenido patrocinado