GASTEIZ 18 (EUROPA PRESS)
Gasteizko hiri autobusak Tuvisa udal sozietatearen 'Segurtasuna autobusean' kanpaina erakusten hasiko dira beren pantailetan ostegunetik, azaroaren 19tik. Kanpainaren ardatz nagusia bideo bat da, eta, hamar aholku erraz emanez, erorikoak izateko arriskua saihesteko moduan bidaiatzen erakusten du.
Izaskun Reyes Tuvisako presidenteak azaldu duenez, "jokabide oso erraz batzuek autobusean istripuak izateko arriskua murrizten lagun dezakete, besteak beste, ondo heltzea eta eserlekutik garaiz baino lehen ez altxatzea. Tuvisak benetan istripu maila txikia du, baina gure esku dagoen guztia egin nahi dugu istripuetan zauritutako pertsonen kopurua ahalik eta txikiena izan dadin. Bereziki, adinekoengan eta haurretan jarri dugu arreta".
2025eko eta 2026ko lehen seihilekoak alderatuta, Tuvisako ibilgailuetan izandako ezbeharrak %18 jaitsi dira (234tik 193ra), eta hiri autobusek egiten dituzten 10.000 ibilbide osotik seitan bakarrik erregistratu dira istripuak. Helburua da zifra horiek eta erabiltzaileentzako ondorioak murrizten jarraitzea.
'Segurtasuna autobusean' kanpainaren bidez zabalduko den dekalogoaren neurrien artean daude beti helduta joatea zutik bidaiatzen denean, ahal den guztietan eserita bidaiatzea, behar baino lehen ez altxatzea, autobusa mugitzen ari den bitartean ez mugitzea, arreta jartzea abiatzean eta gelditzea, ate edo manparen kontra ez jartzea, korridoreak libre uztea, adingabeekin bidatzen bada kontuz ibiltzea, gurpil aulkiak eta haur kotxeak ondo finkatzea, eta erreserbatutako aulkiak errespetatzea.