Txikipedia edukiz elikatzeko lanean hasi dira 14 ikastola

Txikipedia edukiz elikatzeko ekimena.
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: martes, 9 febrero 2021 13:06

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Ikastolen Elkartearen eta Euskal Wikilarien Elkartearen arteko lankidetzari jarraipena emanez, Txikipedia elikatzeari ekin diote Euskal Herriko 14 ikastolatan, 'Nik, zuk, guk... 250 bai?' izenburuko proiektuan.

Txikipedia edukiz hornitzea da helburua, eta xede nagusia, berriz, emakumezkoen biografiak eta bereziki emakume zientzialarienak euskaraz sortzea. Otsail eta martxo bitartean sortuko dituzte, eta 250 sarrera berri egiteko erronkari heldu diote.

Aita Larramendi (Andoain), Andra Mari (Etxarri Aranatz), Armentia (Gasteiz), Asti Leku (Portugalete), Betiko (Leioa), Elgoibar ikastola, Ikasberri (Azpeitia), Iñigo Aritza (Altsasu), Laskorain (Tolosa), Lautada (Agurain), Lizarra ikastola, Orereta (Errenteria), Paz de Ziganda (Atarrabia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Xalbador Kolegioa (Kanbo) dira ekimenean ari diren ikastolak.

Ikastolen elkartetik adierazi dutenez, hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute, eta beraz, "leku propio baten beharra dago". Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira.

Halaber, sarean oro har eta Wikipedia/Txikipedian zehazki, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da, eta abiapuntu horretatik ekin diote aipatu 14 ikastoletako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen eta bigarren mailako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.