BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udal Txistulari Bandak antolatzen duen 65. Txistu alardea ospatuko da Aste Nagusiaren azken egunean, abuztuak 24, igandea, 13.00etan Plaza Barrian. Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildutako laurogei bat txistulari izango dira musikarien artean.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, txistulariez gain metal boskotea, Imanol Iribarren piano jolea, Iñigo Eskubi gitarra jolea, Amaiur Cajaraville baxu jolea eta Ander Zulaika bateri jolea arituko dira. San Antón abesbatzako lagunak ere ariko dira, Txaber Fernández bilbotar zuzendariak gidatuta.
Kontzerturako musika moldaketak egiteaz hainbat musikagile arduratuko dira: Xabier Zabala, Peio Irigoien eta Iñaki Urkizu esaterako. Baina kontzerturako espreski sortutako musika pieza berriak ere izango dira Koldo Uriarte eta Xabier Zabala konposatzaileek sortutakoak.
Oinkari dantza taldeak ere parte hartuko du dantzaldi ezberdinak eskainiz.
Gonbidatu berezi bat izango da, Julen Alonso trikitilaria, eta berarekin abesten laguntzen Uxue Kerejeta. 10 urtez trikitixa txapelketetan ibili da Julen, azkena 2019ko helduen txapelketa izan zelarik, garaile aterata, eta bertan erretiratu zen txapelketetatik. Uxue, trikitixa txapelketetan ibilia ere bada hainbat urtez, elkar lehiatuz ibili ziren, eta gaur egun ondoan du bere ahots eta panderoaren laguntzarekin.
Sorpresa bat ere izango da aurten. Erraldoi eta Buruhandien konpartsa Txistularien Alardearekin elkartuko da.
Honez gain, Udal Txistulari Bandak Areatzako Kioskoan ere joko du "Erromeria" izeneko ikuskizunean asteazken honetan, Bilboko Udal Musika Bandarekin eta Ballets Olaetarekin batera, eta abuztuaren 21ean Alde Zaharreko kaleetan ibiliko dira 12.00etan hasiko den kalejira batekin.
2005. urteaz geroztik, Bilboko Udal Txistularien Banda da ikuskizun honen arduraduna eta urte guzti hauetan zehar, hainbat artista gonbidatuk parte hartu dute bertan, adibidez, Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Gozategik, Zigor Sagarnak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik besteak beste.