Udalerri Euskaldunen Eguna Lesakan izango da maiatzaren 18an, 'Zubiak zeharka' lelopean

Lesakan maiatzaren 18an egingo den Udalerri Euskaldunen Eguna aurkeztu dute.
UEMA
Actualizado: miércoles, 8 mayo 2024 15:43

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 18an izango da Lesakan (Nafarroa), 'Zubiak zeharka' lelopean, Lesakako Udalak eta UEMAk hainbat talde eta elkarterekin elkarlanean antolatuta. Guztien artean "egitarau oparoa" osatu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute Lesakako Herriko Etxean egindako agerraldian.

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak aurkezpenean nabarmendu du maiatzaren 18koa "udalerri euskaldun guztien eguna" dela, ez UEMAko kide direnena soilik. "Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak", esan du.

Aramendik adierazi du udalerri euskaldunek euskararen normalizazioari eta, oro har, Euskal Herriari egiten dioten "egundoko ekarpena" jai giroan ospatuko dutela Lesakan maiatzaren 18an.

"Areago: gure herriaren orube nagusiak dira, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: 'Zubiak zeharka'. Zubiek orube sendoak behar dituzte, alde batekoak eta bestekoak elkartzeko balio dute, auzolanean eraiki izan dira mendeetan zehar, eta harri bakoitzak du garrantzia. Guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak", azaldu du.

Aramendik eskerrak eman dizkie lesakarrei hasieratik erakutsitako jarreragatik eta eguna aurrera ateratzeko azken hilabeteotan egindako lan guztiagatik: "Hasieratik, Lesakako Udalari egun hau elkarlanean antolatzeko eskua luzatu genionetik, ezin hobeto erantzun du herriak, eta bileraz bilera herriko hainbat elkarte eta eragile buru-belarri aritu da. Beraz, Lesakako Udalari eta Lesakako elkarteei eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko".

Bestalde, Lesakako Euskara zinegotzi Eneko Fernandezek nabarmendu du Lesaka udalerri euskalduna dela eta "harro" daudela "lesakarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz".

Horregatik, ziurtatu du "pozgarria" da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. "Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 18an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu herriko, Bortzirietako eta Euskal Herri osoko euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute", esan du.

Bereziki, lanean aritu diren herriko elkarte eta norbanako guztiak nabarmendu ditu, eskerrak emanez. Amaitzeko, maiatzaren 18an Lesakara joateko gonbidapena egin du: "Euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete. Egitarau ederra antolatu dugu maiatzaren 18rako eta, beraz, Lesakan esku zabalik hartuko zaituztegu".

EGITARAUA

Antolakuntza batzordean parte hartu duten Lesakako talde eta elkarteen izenean, berriz, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduko kide den Aitor Irazokik hartu du hitza, eta datorren maiatzaren 18rako denen artean antolatutako egitaraua aurkeztu du.

Eguna 09:45ean abiatuko da, dianarekin, soinulariekin eta txistulariekin Harriondoatik. 10:00etan UEMAren batzar nagusia egingo da, eta ondoren euskara taldeen topaketa 'Euskararen olatu berria sortzeko gakoak' izenpurupean. Haurrentzako herri kirolak ere izango dira.

12:30ean ekitaldia izango da plazan, eta 13:15ean fanfarrea Lesakako Musika Eskolako ikasleekin. Bazkaria 14:30ean izango da, Bidenabar taldeak girotuta, eta 18:00etan bertso-triki poteoa abiatuko da, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin. Larrain dantza herrikoia egingo dute 20:00etan, Leskakao gaiteroekin, eta 20:45ean erromeria izango da Trikidantz taldearekin. Bukatzeko, 23:30ean dj festa hasiko da Fifi & Fefarekin.

EHE

Halaber, Udalerri Euskaldunen Egunean ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte, herritar edo eragileren baten lana aitortzea. Aurten, UEMAk, Lesakako Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek horrela erabakita, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak jasoko du omenaldia, maiatzaren 18an eguerdian egingo den ekitaldi instituzionalean.

Izan ere, EHE sortzeko lehen bilerak Lesakan egin zituzten, eta hasierako talde sortzaile hartako kide ziren Kontxi Erro eta Antton Erkizia euskaltzale lesakarrak. Horien lana aitortzea erabaki zuten antolatzaileek, baina omenaldia talde sortzaile osoari eta EHEk urte askoan euskararen alde egin duen lanari zabalduta.

Sortu zenetik, euskararen aldeko hamaika ekimen antolatu ditu EHEk, eta egindako ibilbidea gogoratzeko, eskerrak emateko, eta taldekide izan direnei dagokien aitortza egiteko modua izango da omenaldia.

Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, 'Solasa izan' izeneko abestia ere egin dute lesakarrek, elkarlanean. Ekhiñe Zapiainek eta Itziar Telletxeak idatzi dituzte hitzak, eta Arranoband taldeak sortu du musika. Ibai Gogortza aritu da teknikari lanetan. Abestian eta bideoklipean lesakar askok hartu dute parte. Bideoklipa, berriz, Mikel Leizaren lana izan da.

Contador