GASTEIZ 26 (EUROPA PRESS)
Gasteizko Udalak ireki du 'Udan Gozatu!' oporretako programako jardueretan izena emateko epea, apirilaren 15era arte. Egitasmoak aisialdiko, denbora libreko eta heziketa arloko esperientzien aukera zabala eskainiko du 4 eta 17 urte artekoentzat ekainaren 22tik uztailaren 20ra bitarte. Denera, 13 jarduera eta 2.370 plaza izango dira.
Sonia Diaz de Corcuera Hezkuntzako zinegotziak aurkezpenean adierazi duenez, "oporrak garai egokia dira haurren eta gazteen aberaste eta garapen pertsonal eta soziala lantzeko, eta hiria espazio pribilegiatua da aisialdirako proposamenak sustatzeko. Esparru horretan garatzen da 'Udan Gozatu!' programa. Programa bikaina da eta, jarduera dibertigarri eta askotarikoen bidez, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa bezalako balioak sustatzen ditu".
Aurtengo edizioan, 'Gasteiz Hiri Hezitzailea ' proiektuaren esparruan Hezkuntza Zerbitzuak gidatutako sailarteko lanari esker, 'Udan Gozatu!' programak 2.370 plaza eta 13 jarduera eskainiko ditu guztira: jolas txokoak, jolas txokoak jantokiarekin, udaleku irekiak, udaleku irekiak garraioarekin, udako ludotekak, udako txokoklubak, ludonatura, 'green summer camp', udaleku musikalak, jarduera nautikoen campusa, gazte uztaila, kanpamentuak hondartzan eta naturabentura.
Diaz de Corcuerak gogorarazi du Gasteizko Udalaren oporretako eskaintzaren helburu nagusietako bat dela "kohesio soziala sendotzea eta hezkuntza arloko inklusiorako eta ekitaterako tresna bihurtzea". Horregatik, izena emateko garaian, plazen %5 erreserbatuko dira hezkuntza premia bereziak dituztenentzat, eta beste %7 gizarte beharrizaneko egoeran dauden neska-mutilentzat edo genero indarkeriarekin lotutako kasuetarako.
Izena emateko epea apirilaren 15ean amaituko da, eta plazak esleitzeko zozketa maiatzaren 5ean egingo da. Plaza egokitzen zaienek jarduera horretako beren izen-ematea formalizatu beharko dute maiatzaren 5etik 12ra bitarte, eta maiatzaren 16an argitaratuko dira libre geratu diren plazak. Maiatzaren 20tik jarduera hasi baino astebete lehenagora arte edo plazak agortu arte eskatu ahal izango dituzte interesdunek hutsik geratu diren toki horiek.
Plazak eskatzeko eta formalizatzeko moduak honako hauek izango dira: aurrez aurre gizarte etxeetako herritarrentzako arreta bulegoetan, telefonoz herritarren arretarako 010 edo 945 161 100 zenbakien bidez, eta online vitoria-gasteiz.org webgunean.