17 de Otsaila de 2020
 

Uemak 2019rako egitasmo nagusiak onartuko ditu larunbateko batzar nagusian, Legorretan

Actualizado 2018/12/13 12:28:48 CET
Legorretako herri antzokian izango da bilkura
UEMA

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) osatzen duten 86 udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak Legorretan (Gipuzkoa) elkartuko dira larunbatean, abenduaren 15ean, eta, besteak beste, aurten egindako lanaren balantzea eta 2019rako zuzendaritza batzordeak proposatutako egitasmoa aztertuko dituzte. Batzar nagusia herri antzokian izango da eta 10:00etan hasiko da.

Horrela, Uemak jakinarazi duenez, 2018ko balantzean, batez ere hiru kontu nabarmenduko dituzte bertaratutakoek: udalerri euskaldunen garapena bermatzeko Uemak, Kontseiluak, UEUk eta Gaindegiak elkarlanean egindako "Arnasguneak: prebentziotik garapenera" txostena eta bide orria; udalerri euskaldunetako turismo guneetan bisitariei egindako inkestaren emaitzak eta ondorioak; eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.

Gainera, amaitzear den urteari begira, gazteak kontzientziatzea helburu duen Uemaren hezkuntza proiektua, Euskaraldia, erakundeen arteako elkarlana, Uemako ia herri guztietan egin diren erabilera planak eta urtean zehar landutako beste hainbat kontu ere hizpide izango dituzte udaletako ordezkariek.

Bestalde, 2019ko egitasmo nagusiei dagokienez, "hainbat kontu garrantzitsu" ditu esku artean Uemako zuzendaritza batzordeak: batetik, etorri berrientzat landu beharreko egitasmoak, turismo guneetarako ekimenak eta hezkuntza proiektua sendotzea; eta, bestetik, eta maiatzetik aurrera udalbatza berriak osatuko direla kontuan izanda, Uemaren lana eta ildoak erakusteko eta hauen garrantzia ikusarazteko formakuntza saioak udal ordezkari berrientzat.