Zuzenbidea euskaraz irakatsi eta ikertzeko bideak aztertuko dituzte urriaren 2an Eibarren

Ezkerretik eskuinera: Iker Lauzirika, Aitor Bengoetxea eta Leire Gorostiza
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 16 septiembre 2026 13:17

DONOSTIA 16 (EUROPA PRESS)

UEUren Zuzenbide sailak 'Zuzenbidea euskaraz irakatsi eta ikertu: egungo bizipen eta erronkak' jardunaldia egingo du urriaren 2an Eibarren (Gipuzkoa). Alorreko aditu, profesional eta ikasleak saretu nahi dituzte ekimenarekin, eta matrikula zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

Topaketaren aurkezpenean Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak eta Iker Lauzirika Ansola eta Leire Gorostiza Etxeberria UEUko Zuzenbide saileko koordinatzaileek parte hartu dute. Nabarmendu dute euskarak "sistematikoki gutxitua" izaten jarraitzen duela, eta "hori aldatzeko lehenengo pausua euskaraz ikertu eta irakatsiko duen zuzenbidea" dela.

Lauzirikak eta Gorostizak zehaztu dute ikastaroaren beharra "argia" dela: "Luze eztabaidatu eta borrokatu den gai bat izanik, euskarak sistematikoki gutxitua izaten jarraitzen du zuzenbidea pentsatu eta irakasteari dagokionez. Honen eragina zientziatik beratik baino askoz urrunago doa. Hizkuntzaren ñabardurek lege edo sententzia baten esanahia guztiz eraldatu dezaketen heinean, gaztelaniaz edo frantsesez pentsatutako eta, kasurik onenean, euskarara itzulitako testuek askotan ez diete erantzuten euskal gizartearen beharrei".

"Euskaraz pentsatutako sistema oso bat da behar duguna, eta horretarako lehenengo pausua euskaraz ikertu eta irakatsiko duen zuzenbidea da", gaineratu dute.

Bada, gaur arte egindako bideaz hausnartu eta egoerari beste bultzada bat emateko asmoz, egun guztiko jardunaldia antolatu dute. Goizeko bi mahai inguruetan egungo egoera zein den ikusiko dute: lehenengoak euskarak zuzenbidearen irakaskuntzan Euskal Herriko unibertsitate ezberdinetan zehar bizi dituen erronkak izango ditu aztergai; bigarrenean, aldiz, euskarazko ikerketa juridikoaren zailtasunez eta aukerez hitz egingo dute. Arratsaldea jomuga berriak ezartzeko erabiliko da, etorkizun hurbilean zer egin daitekeen erabaki eta sareak nola eraiki daitezkeen hausnartuz.

Jardunaldia Zuzenbidearen irakaskuntzan eta ikerketan euskaraz aritu den, egun aritzen den eta etorkizun batean aritu nahi duenari dago zuzenduta, bai eta akademiatik haratago, Zuzenbidearen alorrean euskaraz eta euskaratik lan egiten duen ikasle eta profesionalari ere. Euskal Herriko txoko, alor eta belaunaldi ezberdinetako jendea biltzea da asmoa, "ahalik eta ikuspuntu gehien izan ditzagun zuzenbidea euskaraz pentsatzeko erronka honetan".

Contador

Contenido patrocinado