Bermeoko XXI. Arrain Azoka maiatzaren 15, 16 eta 17an izango da eta kartela lehiaketa bidez hautatuko da

Bermeoko XXI. Arrain Azoka aurkeztu dute
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: jueves, 29 enero 2015 13:36
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko (Bizkai) XXI. Arrain Azoka maiatzaren 15, 16 eta 17an izango da eta aurtengo kartela lehiaketa bidez aukeratuko da. Irabazlearentzat 600 euroko saria izango da, eta maiatzaren 15ean Hegaluze Sariko ekitaldian emango da.

   Horrela azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Merkataritza eta Turismo zinegotziak, Bego Gangoiti Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunak eta Bittor Agirre La Gaviota-Arroyabe kontserba enpresako ordezkari eta Bermeoko Arrain Azoka Elkarteko kideak.

   Aurtengo berritasun nagusia Arrain Azoka iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa da. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12an bukatuko da. Ormaetxeak adierazi duenez, kartel lehiaketarekin, Arrain Azoka "parte hartzaileago bat" lortu nahi dute, "herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea". Horrez gain, modu honetan Arrain Azokako ekimenak ez dira asteburu batera mugatzen, "baizik eta denboran zehar zabaltzen dira".

   Lehiaketaren baldintzei dagokienez, Gangoitik azaldu du kartelaren gaiak Bermeoko Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko duela, eta aurtengo helburua umeak arraina ahal dutela gustura jan eta eurentzat erakargarriagoa izateko era gozoan presta daitekeela da. Kartelan testu hau jarri beharko du: "XXI. Arrain Azoka. Maiatzaren 15, 16 eta 17an. Bermeo". Aurtengo helburua kontuan izanda, egileak askatasuna dauka lelo bat ere txertatzeko bere lanean.

   Lana derrigorrez 68x34 cm-ko neurrikoa izan beharko da, formatu bertikalean eta gura den beste kolore eta edozein teknika erabilita, beti kontuan izanda irudia digitalizatu egingo dela. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu behar da. Kartel irabazlea ordenagailuz egin ezkero, irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko du be bai, inprimatutako tamainan (68x34cm), gutxienez 300 pp-ko bereizmenarekin.

   Egileek kontuan izan behar dute kartelean azokaren bost babesleen logoak be agertu behar direla (Eusko Jaurlaritza, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; Bermeoko Udala; El Correo; eta BBK-Kutxabank). Horretarako beheko aldean 6 cm-ko hutsunea utzi behar da, eta aipatutako neurriaren barruan egon.

   Arrain Azoka Elkarteak kartelean aldaketak egitea eskatu diezaioke irabazleari. Epaimahaiaren erabakia jakin arte, ezin da ezagutzera eman aurkeztutako kartelik ezta egilearen nortasunik publikoki ezta sare sozialetan be. Arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten dituzten kartelak kanporatu egingo dira.

APIRILAREN 12RA ARTE

   Lanak Bermeoko Turismo Bulegoan aurkeztuko dira, egilearen izen barik eta izenburuarekin, apirilaren 12ko arratsaldeko 14:00ak baino lehenago. Gutunazal itxi batean, eta agerian izenburu hori jarririk, egilearen datuak barruan joan beharko dira. Lehiaketan parte hartzen duten kartelak Nestor Basterretxea aretoko erakusgelan erakutsiko dira, Arrain Azokaren asteburuan.

   Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko kideek osatuko dute, lan irabazlea apirilaren 13an aukeratuko da eta apirilaren 14an jakinaraziko da Bermeoko Udalaren webgunean. Saria 600 eurokoa izango da eta maiatzaren 15ean Hegaluze Sariko ekitaldian emango da. Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea maiatzaren 18tik 24ra artekoa izango da, Bermeoko Turismo Bulegoan. Epe hori igaro eta gero, jaso ez direnak Arrain Azoka Elkartearenak izango dira.

   Arrain Azoka Elkarteak, kartel irabazlearen jabetzea ez eze, jendaurreko komunikaziorako, kopietako eta banatzeko eskubideak ere eskuratuko ditu, eta bereak baino ez dira izango. Saririk eman gabe ere utzi daiteke, aurkeztutako kartelek oinarrietan agertzen diren baldintzak ez badute betetzen epaimahaiaren ustez.

APUSTUA

   Bestalde, Bermeoko kontserba enpresen ordezkariak eta Merkataritza eta Turismo zinegotziak Arrain Azokaren aldeko apustua berretsi dute, eta ekimena "profesionalagoa eta indartsuagoa" izateko urtero ahaleginak egin behar direla adierazi dute.

   "Aurten XXI. ediziora heltzen den Bermeoko Arrain Azokak itsasoak gure ekonomian betidanik izan duen garrantzia erakusten digu eta mota honetako azoken artean garrantzitsuena da Euskal Herri mailan", nabarmendu dute.

   Hori lortzeko Bermeoko Udalaren, kontserba enpresen eta erakundeen arte elkarlana "funtsezkoa" dela azpimarratu dute, eta horretan ari direla ziurtatu. "Bermeoko Arrain Azoka erreferentea izateko elkarlanean ari gara, oso garrantzitsua delako gure herriaren etorkizunerako", nabarmendu dute.