Europako eskulturaren topaketa nagusia egingo da azaroan Guggenheim Bilbao Museoan

Eskulturaz ariko dira museo bilbotarrean azaroan
Europa Press
Actualizado: jueves, 20 octubre 2011 19:00

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eskultura Nazioarteko X. Topaketa egingo da Guggenheim Bilbao Museoa azaroaren 10etik 12ra bitartean, "Brancusi-Serra" erakusketarekin bat etorriz. Aurtengo topaketak, "Eskultura, gaur; ikerketarako espazio bat - esperientzia birkodetua" du izenburutzat, museo bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez.

Europako eskulturaren topaketa nagusia Sculpture Network erakundeak antolatu du Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, eta aurten nazioarteko adituen parte-hartzea izango dute, hala nola Miroslaw Balka, Tony Cragg, Jaume Plensa, Susan Philipsz, Brigitte Franzen -2007ko Skulptur Projekte Münster-en komisarioa-, Friedrich Teja Bach -Vienako Unibertsitateko Artearen Historia arloko historialaria- eta Oliver Wick -"Brancusi-Serra" erakusketaren komisarioa-.

Aditu horiek hainbat gai eztabaidatuko dituzte, besteak beste, egungo eskulturaren nondik norakoak -mamia, esangura-, eta teknologia berriak erabiltzeak eta ingurumena zaintzeak eskultura sortzean duten eragina. Hitzaldiez eta mahai-inguruez gain, bisitaldiak izango dira, Euskal Herriko egungo arte eta eskulturari lotutako lekuetara.

Sculpture Network irabazi asmorik gabeko erakundea da. Alemanian sortu zen 2004an eta 40 herrialde baino gehiagotan ditu egoitzak. Artistak, bitartekoak, bildumagileak eta artezaleak elkartzeko eta harremanetan jartzeko plataforma da. Bakarkako zein taldeko proiektuak egiteko baliagarria da, harreman profesionalak eta pertsonalak sortzen baitira Europako kultura giroko askotariko lagunen artean.

Erakundeak urtero antolatzen du topaketa, eskulturaren eta hiru dimentsioko beste arte batzuen alderdiak agerian jartzeko. "Brancusi-Serra" erakusketa dela-eta izango da aurten Guggenheim Bilbao Museoan; bada, erakusketa horrek XX. mendeko bi eskultore garrantzitsuren arteko lotura aztertzen du, alegia, Constantin Brancusiren eta Richard Serraren arteko lotura. Argibideak eta izena emateko aukera (azaroaren 4ra arte) www.guggenheim-bilbao.es webgunean daude.