Euskal Autonomia Erkidegoko 15 urteko edo gehiagoko biztanleen %52,6 interneten erabiltzailea da

Actualizado: jueves, 27 mayo 2010 14:56

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 urteko edo gehiagoko interneten erabiltzaileak 991.000 ziren 2010. urteko lehen hiruhilekoan, hau da, adin horretako EAE osoko biztanleen %52,6, 2009ko datuen aldean %4,3ko hazkundea izanik, Eustaten datuen arabera.

Araban %5,2 igo da erabiltzaileen kopurua aurreko urteko aldi beraren aldean, EAEn lehenengo tokian jarriz, %56,4rekin. Gipuzkoan %3,8koa izan da hazkundea, eta aurtengo lehen hiru hiletan %55,5 izan dira interneten erabiltzaileak, bigarren kokatuz. Bizkaiak %1,9ko atzerakada izan du, eta 15 urteko eta gehiagoko interneten erabiltzaileak %49,9 dira.

Adinari begiratuz gero, erabiltzaile gazteenen -15 eta 24 urte artean- hazkundea nabarmentzekoa da, %2,7 igo baita aurreko urtearen aldean. Ondoren adintsuenak datoz -65 urte eta gehiagokoak-, %2 hazi baitira 2009ko lehen hiruhilekoaren aldean. Halere, %2ko atzerakada izan da 25 eta 34 urte arteko interneten erabiltzaileen artean.

Generoen arteko aldea %8,3koa zen 2009ko lehen hiruhilekoan, eta 2010eko lehenean %7,7ra gutxitu da. 15 urteko eta gehiagoko biztanleei dagokienez, interneteko erabiltzaileak gizonezkoen %56,6 dira eta emakumezkoen %48,9. 2010eko lehen hiruhilekoan, interneteko erabiltzaile guztien artean, %52,3 gizonak dira eta %47,7 emakumeak.

Jardueraren arabera, ikasleen arteko %96,2k erabiltzen du internet, pertsona okupatuen artean %70,4k, eta ez-aktiboen eta langabetuen artean %23,1ek. 2009ko aldean, hazkunderik handiena (%17,3) ez-aktiboen eta langabetuen artean izan da; ikasleen artean %3,9 hazi da, eta pertsona okupatuen artean %1,2.

Interneten ibiltzeko toki nagusia norberaren etxea da oraindik ere; bertatiko konexioak %11 hazi eta erabiltzaile guztien %91k etxetik egiten du. Lanetik egindako sarreretan ez da aldaketarik izan azken urtean, eta ikastetxeetatik eta beste lekuetatik -ziberkafe, hotel edo aisia-lekuetatik- egindakoak "nabarmen" jaitsi dira: %10,4 ikastetxeetatik eta %17,9 beste lekuetatik.

Interneteko konexioen batez besteko iraupena 77,1 minutukoa izan da 2010eko lehen hiruhilekoan, hau da, 2009ko lehen hiruhilekoaren aldean 27 minutu pasa luzeagoa. Euskaraz nabigatzen duten erabiltzaileen portzentajea %3,5 hazi da, eta ingelesez nabigatzen dutenenak %1,6ko jaitsiera izan du. Gaztelania da oraindik ere hizkuntzarik erabiliena, eta %4,2 hazi da.

Interneten bidez erosten duten pertsonen kopurua "nabarmen" hazi da. Horrela, urteko lehen hiruhilekoan 32.000 pertsona gehiagok erabili dute internet erosteko, eta guztira, 316.100 izan dira sarearen bidez erosketaren bat egin dutenak, hau da, %33,6ko hazkundea 2009ko lehen hiruhilekoaren aldean.

FAMILIAK

Bestalde, informazioaren eta komunikazioaren teknologien ekipamenduek hedatzen jarraitzen dute EAEko familia-etxeetan. 2010eko lehen hiruhilekoan, EAEko familia-etxeen %61,4k ordenagailua zuten, hots, 2009ko lehen hiruhilekoan baino %3,4 gehiagok.

Interneterako sarbideari dagokionez 458.000 familia pasatxo dira (%54,9) etxean zerbitzu hori dutenak. 2009ko lehen hiruhilekoaren aldean 30.000 familia berri (%7) dira. Sarera sarbidea duen 14 urte baino gehiagoko biztanleria 110.700 pertsonatan hazi da 2009ko lehen hiruhilekotik.

Familia-etxeetako %90,1ean sakeleko telefonoren bat dago, eta 14 urte baino gehiagoko biztanleak kontuan hartuta, sakelekoa duten pertsonen portzentajea %94koa da.