Ia 4.500 lagunek eman dute izena Donostiako danborradak balkoietatik ikusteko zozketetan

Banderaren igoera Konstituzio plazan
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 10 noviembre 2016 11:56

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Ia 4.500 pertsonek eman dute izena Donostian San Sebastian egunean danborradak balkoietatik ikusteko zozketetan. Izan ere, egun horretako ekitaldi nagusiak bi leku berezitatik ikusi ahal izango dituzte aurten hirian erroldatuta dauden herritarrek. Donostiako Udalak Konstituzio plazako eraikinaren lehenengo pisuko balkoian egoteko aukera zabaldu zien iaz, aurreneko aldiz, herritar guztiei, eta aurten aukera hori beste leku berezi batera ere zabaldu du, udaletxeko balkoi batetik ere jarraitu ahal izango baitute herritarrek haur danborrada.

   Zehazki, Konstituzio plazako eraikineko lehen pisurako 30 plaza zozkatuko dira eguneko, urtarrilaren 19ko banderaren igoerarako 30 eta urtarrilaren 20ko jaitsierarako beste 30, hain zuzen; guztira, beraz, 60 lagunek ikusi ahal izango dute ekitaldi bakoitza balkoitik, irabazleek beste lagun bat eraman ahal izango baitute. Udaletxetik, berriz, 48 lagunek jarraitu ahal izango dute 12:00etan hasiko den haur danborrada; guztira, 24 plaza zozkatuko dituzte.

   Zozketetan izena emateko epea astelehenean bukatu zen, eta guztira, 4.470 pertsonek eman dute izena. Haurren danborrada ikusteko zozketan 689 pertsona apuntatu dira (emakumeak 436 eta gizonak 253), eta helduen danborrada ikusteko zozketan 3.781 lagunek eman dute izena
(emakumeak 2.311 eta gizonak 1.470).

   Zozketak egiteko ekitaldia udaletxeko areto nagusian izango da, asteazken honetan, urtarrilaren 15ean, 19:00etatik aurrera. Parte hartzaile bakoitzak zenbaki bat izango du -NAN zenbakiaren arabera ordenatu dira- eta bi zenbaki aterako dira: bat haur danborradarako eta bestea helduen bi danborradetarako.

   Haur danborradarako ateratzen den zenbakitik abiatuta, zerrendako lehen 24ak izango dira balkoian egoteko aukera izango dutenak, eta beste horrenbeste helduen danborraden kasuan, hau da, ateratzen den zenbakitik abiatuta lehen 30ek beste pertsona bat gonbidatu eta bandera igoeran egoteko aukera izango dute, eta hurrengo 30ek bandera jaitsierara joan ahal izango dute. Zozketaren emaitzak http://gaur.donostia.org/ webgunean agertuko dira.

Contenido patrocinado