Ipar Kutxak Metapostarekin bat egiteko ituna sinatu du

Actualizado: viernes, 25 febrero 2011 15:22

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ipar Kutxako zuzendari nagusi Carlor Osesek Metapostarekin bat egiteko hitzarmena sinatu du gaur Juan Goicolea Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta Metapostako presidentearekin. Metaposta Euskadi Informazio Gizartean Planari atxikitako proiektua da, herritarrei interneten erabiltzeko moduko postontzi eta dokumentu-gordailu elektronikoa eskaintzea xede duena, mota guztietako agiriak era seguru eta iraunkorrean jaso eta gorde ahal izan ditzaten.

Ipar Kutxak Metaposta elkartearekin bat egin du, Euskadin informazio gizarteko eremu ezberdinetan egiten ari den sustapen lanari babesa emateko asmoz. Hasieratik, Ipar Kutxak Metapostarekin batera lan egin du, online eskaintzen duen banka-zerbitzuaren bitartez erabiltzaileen altak errazteko asmoz.

Horrez gain, bezeroei zuzendutako gutunak eta jakinarazpenak Metapostaren bidez igorri dizkiete hala eskatu dutenei. Ofizialki otsailaren 16an aurkeztu zenetik eta soilik hamar egunez, badira 2.000 pertsonatik gora Metaposta zerbitzuak erabiltzen dituztenak.

Metaposta etxeetako fakturak, dokumentuak eta paperak ordenaturik izateko gordelekuaren ordezkotzat jaio da. Euskadi Informazio Gizartean 2010 Planaren barruan mamitutako proiektua da, 2008an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak abian jarritako ekimena izanik.

Danimarkako e-Boks sistemaren eragin zuzena duen ekimen honetan, "interneteko postontzi eta dokumentu-gordailu elektronikoa" garatzea du helburu Metapostak, interes pertsonaleko dokumentuak zein herritarrek eta enpresek balio handikotzat dituzten dokumentuak gordetzeko. Gainera, postontzi tradizionalaren antzera, izaera berdina hartzen du bere gain Metapostak mundu elektronikoan.

Herritarrek sistema berri honen bidez jasoko dituzten dokumentuak, gehienak, postontzi fisikoan jasotzen direnak izango dira, hau da, erreziboak, bankuetako erreziboak, frogagiriak, polizak, kontratuak, hitzorduak, jakinarazpenak edo nominak. Gaur egunera arte, 18 bankuk egin dute bat Metapostarekin. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 300dik gora instituziok eta erakundek erabil ditzakete Metaposta zerbitzuak.

Iaz eratu zen Metaposta elkartea zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten-ek (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIEk (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza ganberek, Tecnalia Korporazioak, Gupost marketing zuzeneko enpresak eta Mondragon Inversiones delakoak.