Xuban Nafarratek Ertzaintzaren aurka aurkeztutako salaketa artxibatu egin dute

Actualizado: martes, 22 enero 2013 11:40

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Instrukziozko 2. Epaitegiak emandako autoak Xuban Nafarrate Urangak Ertzaintzaren aurka aurkeztutako salaketa artxibatzeko agindua eman zuen joan den urtarrilaren 16an, gomazko pilota batekin eragindako ustezko lesioengatik. Bidenabar, auto berean magistratuak inputatu egin ditu Nafarrate bera eta beste bi pertsona, Ertzaintzaren agenteen aurrean ustez desobedientziaz jokatzeagatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 2012ko martxoaren 29an gertatutakoaren haritik eman da irizpen judiziala, greba orokorra deituta zegoen egunean Gasteizen gertatutako istiluengatik, hain zuzen ere. Gerora Xuban Nafarratek salatu zuenaren arabera, egun horretan Ertzaintzaren agente batek jaurti zuen gomazko pilota batek ustez jo egin zuen, eta lesio larriak eragin zizkion; horren ondorioz, ospitaleratu egin behar izan zuten. Salaketa babesteko ustezko erasoa jasotzen zuen bideo bat ere aurkeztu zuen.

Hala ere, aurkeztutako froga guztiak eta aldeen deklarazioak aztertu ondoren Gasteizko epaitegiak eman duen epaian, magistratuaren ustez Xuban Nafarratek jaso zituen lesioak ez datoz bat gomazko pilota baten kolpeak eragingo lituzkeen lesioekin. Aitzitik, epaian azaldu denez, baliteke lesio horiek ertzainengandik korrika ihesi zihoala gazteak estropezu egin eta ondoren erortzeagatik jaso izana, ikastetxe bateko hesiaren gainetik salto egiten saiatu zenean.

Horrez gain, auto berean Gasteizko Epaitegiko titularrak agindua eman du Xuban Nafarrateren eta istiluetan parte hartu zuten beste bi pertsonen aurkako prozedura abiarazteko, aginte agenteen aurrean ustezko desobedientzia falta egiteagatik.