Abenduaren 11n Bermeoko portuan zaurituta aurkitutako itsas txakur gris gazte bat askatu dute, sendatu ondoren

Askatu duten itsas txakur gris gaztea.
BIZKAIKO ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 22 diciembre 2020 17:58

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiko langileek itsas txakur gris gazte bat askatu dute astearte honetan. Hain zuzen, Bermeoko portuan erreskatatu zuten animalia abenduaren 11n, aurpegian zauri arin bat zuela eta oso ahul, seguru asko aurkitu aurreko egunetan izandako itsas ekaitzen korronteek arrastaka eraman izanagatik.

Foru erakundeko basozainak Bermeoko portura hurbildu ziren orduan, eta Gorlizko Birsorkuntza Zentrora eraman zuten animalia. Jaten eman zioten bertan, lehenengo azterketa egin eta zauria sendatu ostean. Hilaren 11n bertan, arrain papila eman zioten zunda baten bitartez, eta biharamunean hidratatzeko fluidoak eman zizkioten. Abenduaren 13an hasi zen eskaintzen zioten arraina jaten, eta ordutik inolako arazorik gabe jan du zentroko instalazioetan.

Astearte honetan Gorliztik abiatu dira itsasoan aske uzteko, albaitariek osasun egoera onean dagoela egiaztatu ondoren. Gainera, janari nahikoa eman diote naturan aske utzi ondorengo aldiari aurre egin diezaiokeela bermatzeko.

Foru erakundeak jakitera eman duenez, horrelako egoerak ez dira batere ohikoak, baina ez da itsas txakur gris bat erreskatatu, zaindu eta askatzen den lehen aldia. Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroa martxan jarri zenetik, mota horretako 12 animalia sartu dituzte bertan.

URTE BEREZIA

Aurtengoa urte berezia izan da Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroan, artatu dituzten animalien kopuruagatik zein animaliotariko batzuen tipologiagatik. Hala, abenduaren 20ra arte, 1.343 animalia igaro dira guztira Gorlizko instalazioetatik, aurreko bi urteetan baino dezente gehiago: 2018an 988 animalia artatu zituzten, eta 2019an 1.040.

Zentroko langileen ustez, faktore nagusi bik eragin dute gorakada hori. Batetik, herritarrak gero eta kontzientziazio handiagoa dute eta gehiago ezagutzen da zentroaren lana, eta horrek berekin dakar gero eta jende gehiagok jotzea bertara animalia bat zauriturik topatzean. Bestetik, konfinamenduan zehar animalia gehiago ibili da hiriguneen inguruan, eta halako lekuak ez dira egokienak basa espezieentzat.

Aurtengo ekitaldian ohiz kanpoko animaliak jaso dituzte zentroan, baina, beste alde batetik, lehengo beretik jarraitzen dute joera batzuek; esaterako, hegaztiak dira gehien artaturiko animaliak (938).

Contenido patrocinado