AEK-k 22. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du

Korrikaren aurreko edizio bat
AEK
Actualizado: miércoles, 19 enero 2022 11:29

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

AEK-k 22. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du asteazken honetan. Jakina denez, euskararen aldeko ekimena martxoaren 31n abiatuko da Amurriotik (Araba) eta, 11 egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. 'HitzEkin' lelopean ospatuko da aurtengo ekitaldia.

Ibilbidearen xehetasunak gailu adimendunetarako Korrika aplikazioan kontsulta daitezke, baita ekintzaren beraren egoera ere. Bestalde, AEK-k jakinarazi du kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela.

Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa, Araban, hain zuzen, eta Amurrio izan da ekintzari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa martxoaren 31n, 16:30ean. Lehenengo arratsalde/iluntze horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barrena, hain zuzen.

Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du Korrika, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, Gipuzkoara sartzeko ondoren, Eibartik. Hortik Debagoienera (Bergara, Arrasate, Leintz-Gatzaga) eta, buelta Arabara egingo du, Legution barrena, 17:00etan lehenengo hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz.

Korrikak Lautadan emango ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñetik Elortzibarrera. Hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta, apirilaren 3a amaitzeko, Erriberara igaroko da.

Eguneko azken orduak Zangozaldean eman ostean, Pirinioetara helduko da. Mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko 17:00etan aurtengo edizioak zapalduko duen hirugarren hiriburuan sartzeko: Donibane-Garazi. Ondoren, 21:30ean, Maulera ailegatzea aurreikusi du AEK-k, eta Korrika erdia eginda egongo da ordurako.

KORRIKA ERDIA

Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak, hortik berriro Nafarroa Beherera bueltatu, eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapa egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, berriro Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko dituzte korrikalariak pasatzen egun horretan.

Apirilaren 6arekin batera helduko da Arabako hurrengo etapa. Mugatik Kanpezurako bidean barrena eta Mendialdean ibiliko da lekukoa. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera joango da, azkenik Bizkaira sartzeko Arratiatik, 22. edizioan bigarren aldiz.

Ondoren, bi egun emango ditu Bizkaian Korrika: Arratiatik Usansolora eta Txorierritik Bilbora, hurrengo hiriburura. Apirilaren 6ko 19:30 izango dira dagoeneko. Ezkerraldea eta Meatzaldetik ibiliko dira korrikalariak 7ko ordu txikietan, eta goizaldea Uribe Kostan pasako dute. Hortik Uribe Butroe, Busturialdea eta Lea-Artibaira joango da, eguna Mutrikun amaitzen ikusteko.

Korrikak Gipuzkoan emango du apirilak 8 osoa: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, berriro Urola, Goierri eta berriro Tolosaldea, eguna bertan amaitzeko. Biharamunean ekingo diote korrikalariek Nafarroako azken etapari: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, Lapurdira sartzeko geroago Ibardinen barrena. Apirilaren 9a Lapurdiren txanda izango da, eta lekukoa 17:30ean ailegatuko da Baiona hiriburura.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko du lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. Bidasoa atzean utzita, lasterkariek Oarsoaldea zeharkatuko dute, Hernanialdea atzean utzi eta, azkenik, Añorgatik sartuko dira Donostia hiriburura, 07:30 aldera. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera 12:30erako aurreikusita dago, Bulebarrean.

APLIKAZIOA

Bestalde, AEKtik jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak eta ekimenaren beraren unean uneko egoera kontsultatu ahalko da gailu adimendunetarako Korrika aplikazioaren bidez. Aurten, programak hainbat berrikuntza dakartza, hala nola bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria.

Aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osagarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka ere badago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

Azkenik, iragarri dute kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela. Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru ekarpena egiteko.