Actualizado 23/03/2021 11:38 CET

AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egingo ditu igandean, "aurten ere euskararen lekukoa kalean egon dadin"

Ekimenaren kartel orokorra.
AEK

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago egingo ditu Euskal Herriko herrialde guztietan, igandean, martxoaren 28an, "aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin", AEK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Ekitaldiak 12:00etan hasiko dira, eta xumeak eta ordu erdikoak izango dira, unean uneko osasun neurrietara zeharo egokituak. 'Bultza euskaltegiak! - Bultza euskara!' izeneko dinamikaren barruan antolatu dira ekitaldiak, aurten ere euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko.

AEKren mezua irakurtzeaz gain, giroa berotzeko, bi abesti entzungo dira herri guztietan: batetik, 'Euskal Herrian Euskaraz' abesti ezaguna, eta bestetik, berariaz egun horretarako sortu den 'Lekukoa mingaina' bertso-rapa. Bestalde, herriaren arabera, bestelako ekintzak izango dira, besteak beste, bertsolariak edo musikariak.

Halaber, AEK-k jakinarazi du 'Bultza euskaltegiak! - Bultza euskara! egizu ekarpena' kanpainak zabalik segitzen duela. Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi du kanpainaren bidez. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.

Azkenik, mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari da AEK (https://aek.eus/eu/bloga/bultza-eragileen-bideoak), "gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere zeregin garrantzitsua dutelako helduen euskalduntzean".

Era berean, apirilaren amaieran, 'Bultza euskaltegiak!' dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko die Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.

Contador