BILBO 22 (EUROPA PRESS)
AEKren Praktikatu Zerbitzuak 'Eraman euskara praktikara' kanpaina jarri du martxan ikasturte berrirako, euskaldun oro euskaraz aritzera animatzeko asmoz, eta horretarako, ohiko mintzataldeez gain, mota askotako taldeak eskainiko ditu, hala nola eskaladakoak, gurasolagunak, mendilagunak, irakurzale klubak, kakorratz taldeak edota online arituko direnak.
Praktikatu Zerbitzuko kidea den Koldo Mattin Agirregomezkorta Urangak azaldu duenez, "hizkuntza guztiek behar dituzte hiztunak, bai etxean jaso dutenak bai ikasgelan ikasi dutenak: den-denak dira beharrezkoak. Halere, erabili ezean, ezagutza soila hankamotz geldi daiteke; bada, horixe da aurtengo kanpainaren gakoa. Laburbilduta, euskaradunak euskara praktikatzera animatu nahi ditugu".
Hala, ikasturte honetan ere, euskalduntzen ari direnek euskaldun osoak izango dituzte bidelagun, nor bere mailatik abiatuta. Izan ere, AEKren Praktikatu Zerbitzuaren xedea da akatsak egiteko beldurra alde batera utzi eta bakoitzak bere erritmoan egitea aurrera, "bidean konfiantza eta erraztasuna eskuratzeko".
Agirregomezkortak azpimarratu duenez, "programek, tokian tokiko euskaldunen saretzeari esker, euskaldunon komunitatea indartzen laguntzen dute".
Irailaren bukaeran edota urriaren hastapenean hasiko dira berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak elkartzen. "Kafea hartzeko, pasieran ibiltzeko, yoga egiteko, tokian tokiko euskalkian aritzeko, txakurrarekin ibiltzeko, mundua konpontzeko, mendira joateko, musean jokatzeko, kakorratza egiteko, hitanoz jarduteko... Hamaika aukera izango dituzte", azaldu du.
Horiez gain, gurasolagun taldeak ere egongo dira, familian eta familien artean euskaraz aritzeko jolastu, eskulanak egin edo askaldu bitartean. Horientzat, Praktikatu Zerbitzuak berariazko asteburupasak antolatzen ditu urtero Tertangan, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik.
Sarean ere praktikatu ahal izango da, azarotik aurrera, eta 2027ko ekainaren bukaeratik irailera, udako taldeen txanda izango da: "Neurri, gustu eta kolore guztietako talde eskaintza zabala izango dute partaideek zein interesa dutenek".
Horrez gain, programetako dinamizatzaileek hainbat ekintza ireki antolatuko dituzte ikasturtean zehar aisialdian euskaraz gozatzeko: mintzodromoak, eskulanak, lehiaketak, sukaldaritza tailerrak, museoetan bisita gidatuak edota hitzaldiak.
Programa guztiak dira doakoak, parte hartzeko ez baitago ezer ordaindu beharrik; nahikoa da aurretiaz izena ematea www.praktikatu.eus atarian. Edonork har dezake parte, bi baldintza betez gero: batetik, gutxienez 16 urte edukitzea, eta, bestetik, euskara ikasten ari direnak B1 mailan edo hortik gora egotea.
Gaur egun, AEKren mintzapraktika programetan 10.000 lagunetik gora elkartzen dira Euskal Herriko 105 udalerritan. Aurtengo nobedadea Baztango (Nafarroa) eta Azkaineko (Lapurdi) egitasmoak dira.