DONOSTIA, 10(EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Alegiako (Gipuzkoa) osasun zentroa hobetzeko eta modernizatzeko prozesuari ekin diote, Udalaren eskutik, berritu, handitu eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, egungo asistentzia beharretara egokituz. Lanotarako aurrekontua 2,6 milioi eurokoa izango da.
Alegiako Udaleko osoko bilkuran asteazkenean onartu zuten osasun zentroa birgaitzeko obren esleipena, eta horrela, lanak urtea amaitu baino lehen hasi eta 18 hilabeteko epealdian burutuko dira, Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek eta Alegiako alkate Regina Sorarrainek osasun zentroa bisitatu dute ostegun honetan, Maite Martinez de Albeniz Zabaleta Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariarekin, Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariarekin eta Alegiako Udaleko ordezkariekin batera.
Martinezek nabarmendu du landa inguruneetan kalitatezko osasun arreta publikoa eskaintzen eta bermatzen duen azpiegitura modernizatuko dela jarduerarekin. "Konpromisoa argia da: lehenbailehen gauzatzea", gaineratu du.
Era berean, Sorarrainek adierazi duenez, proiektu honekin, Alegiak "eredu irisgarriago, osasungarriago eta eraginkorrago baterantz egiten du aurrera, bere identitatea eta zentralitatea galdu gabe". "Eskerrak ematen dizkiegu Osakidetzari eta herritar guztiei prozesu honetan izan duten inplikazioagatik eta pazientziagatik", esan du.
Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatu zuten maiatzean Alegiako Udalarekin, bi aldeen konpromisoa ezarriz Alegiako osasun zentroa birgaitzeko. Gaur egun, Alegiako zein Tolosaldeko beste 11 udalerritako 6.700 biztanle baino gehiago artatzen ditu zentroak: Legorreta, Amezketa, Bidegoian, Lkaztegieta, Beizama, Baliarrain, Altzo, Orendain, Albistur eta Abaltzisketa.
Alegiako osasun zentro berria handiagoa eta irisgarriagoa izango da, eta herritarren osasun beharrei erantzuteko zerbitzu gehiago izango ditu. 500 metro koadro baino gehiago hartuko ditu, egungo azalera bikoiztuz. Eraikina altueran eta bolumenean handituko da, solairu berri bat gehituta, eta beheko solairuaren zati bat osasun zentroko zerbitzuetarako erabiliko da, besteak beste, biltegietarako eta profesionalentzako aldageletarako.
PLAN FUNTZIONALA
Birmoldaketari esker, Alegiako instalazioak Osakidetzaren Plan Funtzional berrira egokitu ahal izango dira, familia medikuntzako eta erizaintzako, pediatria eta erizaintza pediatrikoko eta emaginaren kontsultak, emaginak erabiltzeko gimnasioa, larrialdietako gela -odol ateratze gela eta edoskitze gela barne- eta profesionalentzako bilera gela, bulegoak eta aldagelak barne hartuta.
Gainera, "jauzi kualitatiboa" emango da osasun zentroko erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko. Horretarako, igogailu bat jarriko da barrualdean, baita kanpoko igogailu bat ere erabilera publikoko fatxadan, sarbidea bermatzeko San Juan kaletik Bidebarrieta kalera, osasun zentrorako sarbidea lehen solairutik egin behar baita ezinbestean.
Bi kaleak lotzen dituen eskailera ere berrituko da, eta Alegiako eta inguruko herritarrei une oro osasun laguntza bermatzeko, modulu prefabrikatuak jarriko dira Alegiako Erbeta frontoiaren inguruan, osasun jarduera normaltasunez egiteko obrek dirauten bitartean.
INBERTSIOA
Eraikin berrian 2,6 milioi euro inbertituko dira, Osakidetzako zentroak eta egiturak hobetzeko, modernizatzeko eta egokitzeko Osasun Sailak hartua duen konpromisoari erantzuteko.
Gaur egun, udal titulartasuneko eraikinak hirugarren adinekoentzako gizarte zentro bat du beheko solairuan, eta Osakidetzak lehen eta bigarren solairuak erabiltzen ditu inguruko bizilagunei osasun laguntza emateko.
Horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak beren gain hartuko dituzte osasun zentroa birgaitzeko gastuak bi milioi eurorekin, eta Alegiako Udalak finantzatuko du zaharren etxea eta kanpoko igogailua berritzeari dagokion zatia, 590.000 euro baino gehiagorekin.