Ana Galarraga Aiestaranek jasoko du 2024ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko mugarria

Ana Galarraga Aiestaran
ANDOAINGO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 4 noviembre 2024 12:06

DONOSTIA 4 (EUROPA PRESS)

Ana Galarraga Aiestaran kazetariak jasoko du 2024. urteko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko mugarria. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 27an izango da, Andoainen (Gipuzkoa), eta Kazetaritza eta Komunikazio saridunak nortzuk jasoko dituzten ere jakinaraziko da bertan (launa finalisten izenak asteazkenean iragarriko dira).

Andoaingo Udaletik jakinarazi dutenez, Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, Gipuzkoa, 1960) Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziaduna da eta zientzia komunikazioan aritzen da, batik bat Elhuyarreko zientzia ataletik.

Zehazki, 'Elhuyar' zientzia dibulgazioko aldizkariaren eta zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen 'Uhin Ultramoreak' podcastaren zuzendarikidea da, eta hainbat hedabidetan argitaratzen du, hala nola Elhuyarren zientzia.eus atarian, 'Berria' egunkarian eta Mastodon.eus eta X plataforma digitaletan.

Ana Galarraga dibulgatzaile "jori eta eskuzabala" dela nabarmendu dute Andoaingo Udaletik, eta euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu baseak berak idatzitako 250 artikulu baino gehiago biltzen dituela.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren antolakuntzak hiru eremu nabarmendu ditu, gutxienez, Ana Galarragaren ekarpenean: lehenik, desinformazioa nonahi dagoen garai honetan, zientzia dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, "iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dagoen arren, oraindik ere erresistentziak eragiten dituen gaia ere baden garaiotan"; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta "zero kilometrotik" egitea, "gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan.

Horregatik guztiagatik, eta beste arrazoiengatik, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak erabaki du Ana Galarraga Aiestarani ematea aurtengo ohorezko mugarria, eta Xabier Laka eskultoreak aintzatespenerako sortutako oroitikurra emango dio azaroaren 27an.

Miren Berasategi Zeberio Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, Eneko Bidegain Aire idazle eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakasleak, Itxaro Borda idazle eta prentsa kolaboratzaileak, Angel Erro Jimenez idazle, itzultzaile eta prentsa kolaboratzaileak, Pantxika Maitia kazetariak, Libe Mimenza Castillo EHUko irakasle eta ikerlariak, Marta Lasa Goñi Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduradunak (mahaiburua) eta Arantza Aguado Perugorria Andoaingo Udaleko Euskara teknikariak (idazkaria) osatzen dute ohorezko mugarria nahiz finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado