Ana Toledo eta Jabier Kaltzakorta dira Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa eta Herri Literatura batzordeetako buruak

Ana Toledo eta Jabier Kaltzakorta
Foto: EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 23 diciembre 2013 14:31

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak Literatura arloko bi batzordeetan arduradun berriak izendatu ditu, eta hala, Ana Toledo izango da Literatura Ikerketa batzordeko arduradun berria, eta Jabier Kaltzakorta Herri Literatura batzordekoa, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez.

   Irailean hil zen Jean Haritschelhar zen Literatura Ikerketa batzordeko arduraduna, eta beraz, orain egindako izendapenarekin, berak utzitako hutsunea beteko du Ana Toledo euskaltzain osoak. Jabier Kaltzakorta, berriz, Herri Literatura batzordeko arduradun izendatu du Akademiak.

   Ana Toledo (Antzuola, Gipuzkoa, 1954), Filologia Hispanikoan lizentziadun eta Euskal Filologian doktorea da. Deustuko Unibertsitatean irakasle, Euskal Literatura, Egungo Euskal Eleberria eta XX. mendeko Euskal Literatura irakasten ditu. 2005eko urriaren 21ean izendatu zuten euskaltzain oso.

   Euskal literatura du langai eta aztergai nagusiena, eta hainbat idazleren lana aztertu du: Azkue, Mogel, Etxepare, d'Abbadie, besteak beste. Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kidea da batzordea sortu zenetik, hots, 1989tik.

   Bestalde, Jabier Kaltzakorta (Markina, Bizkaia, 1961) Euskal Filologian lizentziaduna da. 1994tik, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, gai hauetan: Ahozko literatura, Euskal Literatura (XVI.-XIX. mendeak) eta Euskal hizkuntza eta hizkuntza modernoak. Euskaltzain oso 2013ko uztailaren 19an izendatu zuten.

   Herri literaturan eta paremiologian aditua da, eta 2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea, Joxemari Iriondo eta Pello Esnalekin batera. Labayru Ikastegiko ikertzaile, Etniker Euskalerria taldeetako eta Mendebalde Kultura Alkarteko kidea da. Derioko Udako Euskal Ikastaroetako irakasle ere izan zen. 1996az geroztik, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kidea da, eta Azkue Literatur Sarien epaimahaikoa da, aspalditik.

Contenido patrocinado