Anton Abadiaren biografia euskaratu eta berrargitaratu dute Gipuzkoako Aldundiak eta Elkar argitaletxeak

Anton Abadiaren biografia euskaratu eta berrargitaratu dute Gipuzkoako Aldundiak eta Elkar argitaletxeak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 9 junio 2025 15:36

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Iñigo Sagarzazu Altunak Anton Abadiari buruz idatzi zuen biografia euskaratu eta berrargitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean, Abadia Sariaren 25. edizioa ospatzeko antolatutako egitarauaren baitan.

Euskarara eta frantsesera ere ekarri dute ikerlari eta sortzaile hondarribiarrak geografo, hizkuntzalari eta euskaltzale handiaren inguruan idatzi zuen liburua eta, horrela, Sagarzazuk egindako lanaren "kalitatea" aitortu nahi izan dute.

'Abbadie. El sabio y su tiempo' izenburupean argitaratu zuen 1997an Iñigo Sagarzazuk Abadiaren biografia, gaztelaniaz, hamar urtez ikertzen jardun ondoren. Fikziozko ikus-entzunezko bat prestatzen ere luze aritu zen; lan hura 1988an filmatu zen, Abadia jauregian bertan, Hendaian, baina hainbat arazo tarteko zirela, bukatu gabe geratu zen.

2004. urtean hil zen Sagarzazu eta liburuaren maketa zein irudiak galdu egin ziren. Berreskuratzen lan nekeza egin ondoren, baina, 2019an berrargitaratu zen, edizio txiki batean.

Orain, Gipuzkoako Aldundiak eta Elkar argitaletxeak lankidetzan berrargitaratu dute aurreko edizioak agortuta egonik, "Abadia gogoangarriaren biografia honen kalitatearen aitortza" egin asmo dutelako. Euskaraz eta frantsesez ere argitaratu dute lehen aldiz.

Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak aurkezpenean adierazi duenez, Abadia Sarien 25. edizioan, aitorpenari berari garrantzia instituzional handiagoa emateaz gain, Anton Abadiaren historia eta hark egindakoak "berreskuratu eta ezagutarazi" nahi izan ditu foru erakundeak.

"Bere bizitza ibilbidean egindako lana XXI. mendera ekarri nahi genuen, berrikuntza eta euskara, tradizioak eta esploratu gabeko muga berriak uztartu zituelako. Gaur egun, bizi-bizi, esku artean ditugun tresna eta balio berak baliatzen zituelako hein handi batean, hizkuntza biziberritzeko ahaleginean", gaineratu du.

Mendizabalen iritziz, helburu horrekin "bete-betean" bat egiten du biografiaren berrargitalpenak. Bere hitzetan, "ezkutuan gera zitekeen pertsonaia bat iraunarazi du" Hondarribiako ikerlariaren lanak, eta, horregatik, aitortza eta esker on hitzak izan ditu Iñigo zenaren memorian, baita haren familiarentzat ere, liburua "bizirik" mantentzeko urtetan zehar egindako ahaleginagatik.

Bestalde, Martin Anso lanaren editoreak nabarmendu du Abadiaren "biografia zorrotz, gaurkotu eta oso-oso erakargarria" dela. "Denboraren poderioz, jakintsu haren irudia pixka bat zurrunduta geratu da, nahitaez. Iñigo Sagarzazuk, aldiz, hezur eta haragizko Abadiarengana hurbiltzen gaitu. Seguruena hori da liburu honen sekretuaren giltzarria", azaldu du.

Sagarzazuren lanaren euskarazko itzulpena Zuriñe Barrerek egin du, eta frantsesezkoa, berriz, Celine Escorrouk, biak ere Tisa etxeko itzultzaileak.

ANTON ABADIA

Anton Abadia geografoa, astronomoa, hizkuntzalaria, etnografoa eta beste hainbat alorretako aditua izan zen. Hain zuen jakin-min handia, ezen diziplina gutxi egin zitzaizkion arrotz, usadio zaharreko jakintsua baitzen.

Urrutikoa interesatu zitzaion, eta Niloko iturburuak aurkitzea izan zuen bizitzaren ardatz, baina hurbilekoa inolaz ere ahaztu gabe; horren lekuko da euskara sustatzeko egin zuen funtsezko lana. Denboraren poderioz, haren lorpen zientifikoek distira galdu dute, baina haren biografia harrigarria da.

Aurtengo edizioarekin 25.a izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Abadia Sariak, zeinak 1996an martxan jarri zenetik aitortu duen euskara biziberritzearen aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna.

Mugarri horrekin bat, foru erakundeak aitortza horren garrantzia instituzionala areagotzeko erabakia hartu du, saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta aitortzari oihartzun handiagoa emanez.

25. edizioa ospatzeko, gainera, programazio eta ekintza bereziak antolatu ditu aurten Gipuzkoako Aldundiak, euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin dezaten.

Egitaraua borobiltzeko, ekainaren 19an Eibarren egingo den ekitaldi batean jasoko du Gure Zirkuak 2025eko Abadia Saria, "aisia eta dibertimenduaren bidez" euskarari egin dion eta egiten dion ekarpen berritzaileagatik.

Contenido patrocinado