Arabak ZIU mugikor berria izango du, Langraizko suhiltzaileen parkean

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Irma Basterra Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekako diputatua
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 30 marzo 2023 13:38

GASTEIZ, 30 (EUROPA PRESS)

Arabak bizi euskarri aurreratuko anbulantzia berri bat izango du lurraldeari zerbitzu emateko eta Langraizko Suhiltzaileen Foru Parke Nagusian kokatuko da. Anbulantzia berriak 1,7 milioi euroko kostua izango du, eta erantzun denborak murriztea ekarriko du, hala Gasteizen nola landa ingurunean.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Irma Basterra Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekako diputatuak ostegun honetan sinatu dute Gasteizen anbulantzia berriaren inguruko hitzarmena.

Anbulantzia Langraizko suhiltzaileen parkean kokatu da sarbide ona duen eta asteko egun guztietan eguneko 24 orduetan martxan den leku batean egon behar duelako. Gainera, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak egin duen azterlanaren arabera, Langraiz da lekurik egokiena, hiriburutik 15 minutu baino gutxiagora dagoelako eta aukera ematen duelako Arabako landa ingurunea ere babesteko, Agurain, Zuia, Añana, Arabako Errioxa eta Arabako Mendiak, alegia.

Arabari anbulantzia medikalizatu berria emateko proiektua aurrera eramateko, egiturazko plantilla handitzeko izapidea egin behar da, eta martxoaren 23an onartu zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak. Izan ere, bizi euskarri aurreratuko baliabide bat abiatzeko 18 langile behar dira: larrialdietako sei mediku, sei erizain eta larrialdietako ibilgailuaren sei gidari ofizial.

Bizi euskarri aurreratuko anbulantzia berria Arabako hirugarren medikalizatua izango da. Beste biak Gasteizen eta Laudion daude. Gainera, lurraldean ezaugarri berberak dituzten beste bi anbulantzia daude, horiek ere bizi euskarri aurreratukoak, pertsonal teknikoarekin eta erizaintzako pertsonalarekin, eta basea Gasteizen eta Amurrion dute.

Beraz, bost izango dira lurraldean zerbitzu emango duten bizi euskarri aurreratuko anbulantziak, gehi oinarrizko bizi euskarriko beste 13 anbulantzia eta covid-19ko gaixoak lekualdatzeko bi anbulatzia espezifiko.

Contenido patrocinado