BILBO 30 (EUROPA PRESS)
Euskadiko Garraio Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) garraio publikoaren administrazio eta operadore nagusien koordinazio organoaren osoko bilkura egin du ostiral honetan, eta bertan, egungo deskontuen etorkizuna jorratu eta tren, tranbia eta autobusetan patinete elektrikoak sartzeko debekuak kentzea adostu dute.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailetik jakinarazi dutenez, Estatu mailako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren aldaketen ondoriozko mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen arloko eta espazio publikoan ibilgailu horiek erabiltzeko araudiko aldaketen harira hartu da azken erabaki hori.
Erabiltzaileak araudi berrira egokitzeko trantsizio aldia amaitzear dagoenez -urtarrilaren 22an amaituko da-, eta araudia bete-betean indarrean jarri denez, Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du administrazio eskudunek garraio publikoko operadoreen erabaki organoei helaraztea araudi hori betetzen duten patinete elektrikoak sartzea baimentzeko erabakia.
Hala, baimendu egingo dira Ibilgailu Pertsonal Arinen Erregistroan izena emanda dauden mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, identifikazio etiketa daramatenak eta dagozkien ezaugarrien ziurtagiria eta erantzukizun zibileko asegurua indarrean dutenak. Baldintza horiek betetzen ez dituzten patineteak debekatuta egongo dira garraio publikoan, espazio publikoan ibiltzea debekatuta duten bezala, eta manipulatu diren edo gorabehera termikoak izateko arriskua duten patineteei ere aplikatuko zaie debeku hori.
"Euskadiko Garraio Agintaritzak onartu egin du Euskadiko garraio publikoko operadoreek, beren erabaki organoen barruan, araudiak ezarritako segurtasun baldintzak betetzen dituzten patinete elektrikoei sarbidea baimentzea, eta, hala, bidaiarien segurtasuna eta ibilgailu mota horiek mugikortasun sisteman eta intermodalitatean integratzea uztartzea", zehaztu du Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren presidenteak.
HOBARIAK
Halaber, Euskadiko Garraio Agintaritzak garraio publikoaren hobarien akordioa berretsi du bilera berean. Urteroko errege dekretuen bidez 2022ko irailetik indarrean dauden deskontuen arabera, aurten %50eko hobaria dute gazteek eta 15 urte bete artekoentzat doakoa da -Espainiako Gobernuak ordaintzen du hori du-, eta %40ko diru laguntza aplikatzen die herritar guztiei bidaia anitzetako abonu eta tituluetan -Gobernu zentralak %20 finantzatzen du, Jaurlaritzak %10 eta gainerako %10a operadoreek-.
Deskontu egitura hori urte honen amaieratik aurrera luzatzen bada, Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkurak egungo finantzaketari eustearen alde egin du; bertan behera gelditzen badira, berriz, erabaki du EAEko administrazioek ezarritako akordioa aplikatzea, hau da, %20ko deskontu sistema herritar guztientzat Bat, Barik eta Mugiren bidaia anitzeko abonu eta titulu pertsonalizatuetan, operadore bakoitzak finantzatuta, eta 12 urtera artekoentzat doan izatea.