'Arikala' egitasmoan parte hartzen ari diren Euskal Herri osoko 450 ikasle elkartu dira Altsasun

Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 5 marzo 2024 15:44

BILBO 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean lantzen duten 'Arikala' egitasmoan parte hartzen ari diren Euskal Herri osoko hamar ikastolatako 450 ikasle elkartu dira astelehenean eta astearte honetan Altsasun (Nafarroa), eta lagunarteko euskara landu eta sustatzeko dinamikak egin dituzte.

Ekimenaren arduradunen arabera, 'Arikala' ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa ekintza berritzailea da. Egitasmoaren bidez, ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak ematen zaizkie, eta ondoren, esku hartze horiek duten eragina neurtuko da.

Orain arte, ikasleek ohiko ikaskideekin egin dituzte jolas dinamikak, baina, parte hartzaileen lehen topaketaren bidez, hainbat errealitate soziolinguistikotatik heldutako ikasleak batera aritu dira ahozkotasuna eta lagunarteko hizkera lantzen. Modu honetan, topaketaren helburua bikoitza izan da: batetik, 'arikalatarren' komunitatea sendotu nahi izan da, eta, bestetik, gazte horiek euskararekin duten atxikimendua indartu.

Antolatzaileak pozik agertu dira topaketak emandakoarekin. Ikerketa ekintzan oinarritutako proiektua denez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak adierazi du 'Arikala' ekimenak aukera emango diela, hizkera informala aztertzeaz gain, hizkuntza estrategiak garatzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta erronkei erantzun asmoz, material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko.

Bere aldetik, Euskaltzaindiak 'Arikala' ekimenaren eraginkortasuna eta 'Mintzola' egitasmoaren garrantzia azpimarratu ditu: "'Mintzola' egitasmoaren bidez, ahozko hizkera informala ikertu eta sustatu nahi du Euskaltzaindiak, besteak beste, haur eta gazteen artean".

"Baina asmoa ez da soilik ahozko hizkera informalari buruzko ikerketa teorikoak egitea; errealitatean esku hartzea eta esku hartze horien eraginak neurtzea ere nahi da. Kasu honetan, Euskal Herriko hamar ikastoletako haurrei ahozko hizkera informala lantzeko baliabideak ematen zaizkie eta horien eragina aztertzen da etengabe. Ez dago beste biderik: ahaleginean jarraitu, ahalegin horiek ebaluatu eta etengabe hobetu", azaldu du.

IKASTOLAK

Bestalde, Ikastolen Elkartetik proiektuak ikastoletan duen eragina aipatu dute. Batetik, nabarmendu dute ludikotasunaren bitartez euskararekiko atxikimendua lortzeko eta sendotzeko "aukera paregabea" eskaini diela Euskal Herriko hamar ikastolatako ikasle taldeei, eta, bestetik, "euren sentipenak euskararen bitartez adierazteko abagunea" ere eskaini diela.

"Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko bereizketa lausotzea lortu da, eta bien arteko sinergia indartzea, haurrek barnera dezaten euskara, gelatik kanpo erabilgarri izateaz gainera, bizigarri ere badela, eta Euskal Herri luze zabalean eurak bezala euskaraz mintzo diren komunitate zabal bat dagoela ohar daitezen", azaldu dute.

2022-2023 ikasturtean hasita, 'Arikala' hiru ikasturtetan garatuko da Euskal Herri osoko hamar ikastolatan: Gipuzkoako Haurtzaro eta Irura, Bizkaiko Abusu eta San Nikolas, Nafarroako Jaso eta Lizarra, Arabako Assa eta Laudio eta Ipar Euskal Herriko Kimua eta Garaziko ikastolak dira.

Contenido patrocinado