DIPUTACIÓN FORAL DE ÁLAVA - Archivo
GASTEIZ 5 Jul. (EUROPA PRESS) -
Astronomiari eta faunari buruzko gaiak jorratuko dituzte Arabako parke naturaletan uztaileko eta abuztuko asteburuetan eta jaiegunetan egin ahal izango diren jardueretan, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Aizkorri-Aratzeko parke naturalean, adibidez, eremu babestuko anfibioak eta narrastiak ezagutzeko bisita gidatua egingo da igandean, uztailaren 6an. Parke naturalek Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroarekin batera antolatzen duten agenda partekatuaren parte da ekimena, eta autobusez abiatuko da Ataritik, hainbat leku gune interesgarri bisitatzeko.
Hegaztiak ere izango dira protagonista Aizkorri-Aratzen, eraztuntze zientifikoko lantegi bat egingo baita uztailaren 22an Araiako Parketxean.
Hegazti zaleek beste aukera bat izango dute fauna talde horretaz gozatzeko 'bike birding' jarduerekin, uztailaren 12an eta 19an, Izkiko parke naturalean. Bizikleta elektrikoz egingo da bisita gidatua, parke naturalaren inguruan, beti prismatikoak aldean, gida aditu batekin. Bisita Antoñanako Vasco-Navarro Trenbideko Interpretazio Zentroan hasiko da.
Urteko gertaera astronomiko garrantzitsuenetako batekin lotutako jarduerak ere izango dira, hala nola pertseidak edo Done Laurendiren Malkoak behatzea. Aurten, jarduera hori Saturno eta Jupiter behatzearekin osa daiteke. Valderejon, abuztuaren 9rako dago programatuta jarduera, eta Izkin, abuztuaren 14rako.
Jarduera guztiak doakoak dira, eta parke naturalen web orrien bidez eman behar da izena: Valderejoko parke naturala (valderejoparkea.eus/eu/), Izkiko parke naturala (izkiparkea.eus/eu/) eta Aizkorri-Aratzeko parke naturala (aizkorriaratzparkea.eus/eu/).