Aukerak suspertzen programak 3.075 familiari lagundu die iaz, aurreko urtean baino %6 gehiago

Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 10 agosto 2025 17:35

BILBO 10 Ago. (EUROPA PRESS) -

Aukerak Suspertzen programak, gizarte eta hezkuntza-arloko laguntza eskaintzen die gizarte-desabantaila egoeran dauden eta Euskadiko ikastetxe publiko eta itunduetan lehen edo bigarren hezkuntzako ikasketak egiten ari diren adingabeei, eten digitala ezabatzeko azken helburuarekin. Laguntza hau familietara ere zabaltzen da.

Azken urteotan, Agintzari Euskadiko lurralde osoan kokatutako hirugarren sektore sozialeko erakundeen sarea koordinatzeko erakunde gisa aritu da. Era berean, Agintzarik, programa kudeatzeaz eta koordinatzeaz gain, gizarte eta hezkuntza arloko laguntza eskaini die sarearen lana iristen ez den eremuetan.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duen moduan, Gorka Oraa, Eusko Jaurlaritzako Haurtzaro, Nerabezaro eta Familien zuzendariak "helburua kalteberatasun egoeran dauden haur, nerabe eta gazte kopuru handi batengana iristea" dela dio.

"Adinekoen eten digital kognitiboaz asko hitz egiten da, baina badago beste arrakala digital bat, ekonomikoa kasu honetan, adingabeak ardurapean dituzten familia batzuetan ematen dena. Aukerak Suspertzen azken horiei zuzentzen zaie, haur-pobreziaren aurkako borrokan beste tresna bat da eta bere fruituak ematen jarraitzen duela ikusten dugu" gehitu du Oraak.

Aukerak Suspertzen programa pandemiarekin hasi zen, 2020an, eta urtez urte familia askoren behar digitalak asetzen joan da. Iaz 3.075 familiak jaso zuten programa horren arreta, aurreko urtean baino 179 gehiagok. Aukerak Suspertzenek 2024an Euskadin 3.836 haur eta nerabe lagundu zituen guztira, aurreko urtean baino 126 gehiago. Arabako 884 pertsona zituzten, Bizkaian 2.607 eta Gipuzkoan 885.

Familien artean nagusi den familia mota bi gurasokoa da (%58,7), ondoren ama bakarreko familiak (%36). Gainontzeko %3ak beste familia mota batzuei egiten die erreferentzia, eta %1,5ak aita bakarreko familiei.

Iaz programan parte hartu izan duten haur eta nerabeak 3.836 izan dira, horietatik %43 Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik eratorritakoak, eta gainerakoak elkarteen edo edo ikastetxeen bitartez. Familientzako eta adingabeentzako prestakuntza saioak hirugarren sektore sozialeko elkarteen egoitzetan edo ikastetxeetan ematen dira.

Bestalde arreta jasotzen duten ume edo nerabeen %74a Lehen Hezkuntzan daude, eta gehienak eskola publikoan matrikulatuta.

Aukerak Suspertzen sarearen parte diren hirugarren sektore sozialeko erakundeen kopuruak gora egin du azken urtean, 20tik 25era igarota. Besteak beste, Gurutze Gorria, Norai, Caritas Bizkaia, Ziba, Haurralde, Save The Children, Elkarbanatuz, Jatorkin, Bigite eta Tendel erakundeek osatzen dute sare hori (Agintzariren talde eragileak koordinatuta) eta guztiek bat egiten dute laguntza hori jasotzen duten pertsonek ikasten dituzten ikastetxeekin.

Haien lana Euskadiko 80 udalerri baino gehiagotara iritsi da. Bizkaian, eskualde hauetan kokatzen diren 48 udalerrira: Ezkerraldea, Lea-Artibai, Durangaldea, Enkarterri, Busturialdea, Uribe Kosta, Hego Uribe eta Txorierri. Gipuzkoan, honako bailaretako 26 udalerrira: Oarsoaldea, Bidasoa Behea, Urola Kosta, Urola Garaia, Debagoiena, Debabarrena edo Tolosaldea. Araban Lautada, Añana, Zuia eta Arabako Errioxako kuadriletako 8 udalerritan garatu da Aukerak Suspertzen programa.

Urtean zehar profesionalki eta/edo borondatez programan parte hartu duten pertsonen profilari erreparatuta, 1.213 izan dira guztira. Horien artean 327 profesionalak eta 886 boluntarioak.

Aukerak Suspertzen programak, Chromebookak eta konektibitate-txartelak umeei, nerabeei eta familiei lagatzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen du. Azken urte honetan ere, aurrekontuaren zati bat eskolaz kanpoko errefortzuak aurrera eramateko eskola-materiala hornitzeko erabiltzen da. Materialaren aurrekontu orokorra zuzenean lotzen da erakunde bakoitzak artatzen dituen haur eta nerabe kopuruarekin.

Urtarrilaren 1etik ekainaren 30era Aukerak Suspertzen programaren bidez 2.399 haur/nerabe eta 1.959 familiari lagundu zaie. Lehen hiruhilekoko datuak kontuan hartuta eta bilakaera mantentzen bada, iazko datuak gaindituko dira. "2020an hasitako programa honen hazkundea eta sendotzea etengabea izan da, eta egoerak konpromiso horrekin jarraitzera garamatza Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailean"; azpimarratu du Gorka Oraak, Haurtzaro, Nerabezaro eta Familien zuzendariak.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak, abuztuaren 25ean, Aukerak Suspertzen programa 2026 eta 2027 urteetan zehar kudeatzeko lehiaketa lizitatuko du, 4 milioi euroko aurrekontuarekin. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 26an amaituko da.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado